Kulturen eta hizkuntzen arteko Aniztaldia ospatuko dute bihar

Aniztaldia Errenteriako Kabia Espazio Kreaktiboan bihar 19:00tan ospatuko den kulturen arteko jaialdia da. Kabian sortutako Gizaharremanak –  Elkarbizitza taldeak bultzatu du ekimen hau, eta Herri Bizian talde honetako kide batzuekin hitz egin dugu ekitaldi anitz honetan zer topatuko dugun kontatu digutenak. Hona elkarrizketa:

Nola sortzen da Aniztaldia eta zein da ekimen honen helburua?

Aniztaldia Kabian sortu da. Kabiaren ekimena martxan jarri zenean, hainbat lantalde antolatu ziren eta horietako bat izan zen gurea,  “Aniztasuna eta giza-harremanak” izenekoa. Bertan hainbat kide elkartu ginen gai horien inguruan lan egiteko asmo eta gogoarekin eta hainbat ideia jarri ziren mahai gainean egin genituen lehen bileretan. Elkarlana abiatzeko aukeratutako ekimenen artean dago, hain juxtu, Aniztaldiarena.

Izan ere, hasieratik planteatu da gure lantaldean jatorri desberdineko herritarren arteko elkarren ezagutza sustatu eta gure artean zubiak eta sareak eraikitzeko beharra eta nahia. Elkarrekin bizi gara, espazio berean, baina gutxi ezagutzen dugu elkar eta hortik datoz dauzkagun aurreiritzi asko eta asko. Beraz, Aniztaldia, batez ere, elkar ezagutzeko aitzakia da. Baina baliatu nahi izan dugu, hain juxtu, jatorri-aniztasun horrek berarekin dakarren kultur-aniztasuna erakusteko, partekatzeko, ezagutarazteko. Horren adierazgarri garbia dira ostegunean Kabian entzungo ditugun ipuinak, kantuak, istorioak…

– Nori zuzenduta dago ekitaldi hau?

Ekitaldi irekia da eta gure herriko aniztasunaz gozatu nahi duen edonor dago gonbidatuta. Beste herrietako jendea ezagutzeko aukera emango du Aniztaldiak; mundu zabaleko hizkuntzak entzutekoa; musikaz, dantzaz, ipuinez eta bestelako istorioez gozatzekoa… kasik bidaiatzea bezala izango da, baina gure herritik mugitu beharrik izan gabe. Egia esan, jakin-mina edukitzea nahikoa da..

Eta zer topatuko du Aniztaldira azaltzen den jendeak?

Ba, batetik, jatorri desberdineko herrikideak. Hemen  bizi diren senegaldarrak, perutarrak, marokoarrak edota galiziarrak, besteak beste. Finean, hemen jaioa ez izan arren, hemen bizi den jendea. Eta bestetik, herrikide horien herrietako hizkuntzak, kantuak, dantzak, musika, ipuinak… bakoitzak erakutsi edo partekatu nahi duen hori. Ez da artista profesionalen jaialdia, egia esan, ezta lehiaketa ere, ez genion kutsu hori eman nahi. Gehiago da lagunen arteko bilera edo topaketa, eta kontua ez da egiten den hori hobeto ala okerrago egitea, partekatzea baizik. Zentzu horretan bilera informala izan nahi du eta neurri batean, inprobisatua ere izango da. Ikusiko dugu zer irteten den!

Errenteria herri aberatsa al da aniztasun kulturalari dagokionez?

Errenteriak badu harrera-herriaren tradizioa eta hemen aspaldi bizi gara jatorri desberdineko herrikideak. Garai batean, era bateko migrazioa bizi izan genuen eta egun, beste era bateakoa. Baina finean, lehen eta orain, jatorriz hemengoa ez izan arren, hemen bizitzeko aukera egin duen jendeak ere osatzen du herri honen paisaia eta bai, noski, anitza dela! Erroldako datuek argi erakusten digute hori, baina herriko kaleetan ere nabarmena da jatorri- eta kultura-aniztasun hori.

Zertan datza Errenteriako hizkuntzen mapa osatzeko egitasmoa?

Hizkuntzen mapa Aniztaldian abian jarri nahi dugun egitasmoa da, baina berez, abiatu baino ez dugu egingo lan sakonagoa eskatzen baitu. Herrian hitz egiten diren hizkuntzak identifikatu nahi ditugu: zenbat diren, zeintzuk diren, hizkuntza bakoitzak duen hiztunen komunitatea zenbatekoa den jakitea ere interesgarria litzateke… ikusiko dugu zer jaso eta nola jaso! Baina, edonola ere, aniztasun hori herri honen aberastasunaren adierazgarri garbia dela iruditzen zaigu eta beraz, ezagutu eta aditzera emateko modukoa. Esan bezala, Aniztaldiarekin abiatuko dugu egitasmoa, baina datozen hilabeteetan segida eman beharko diogu lanketari. Mikelazulo Elkarteak urtero antolatzen du Herrien Astean azaroan eta beharbada ordurako hizkuntzen maparekin lotuta zerbait landuagoa edukitzeko moduan izango gara.

Ekimen hau Kabia Espazio Kreaktiboaren prozesua amaitu eta gero jarraitzeko asmoarekin jaio da?

Gure lantaldeak badu lanean jarraitzeko asmoa eta lanean jarraitzen dugun bitartean etorriko dira ekimen gehiago ere. Hainbat asmo ditugu mahai gainean, guztiak interesgarriak, eta berez, hori da asmoa, hasitako bidearekin jarraitzea. Baina hori, bideak berak esango digu. Ez gara elkarte bat, kezka eta interes jakinak konpartitzen dituen herritar-taldea baizik eta talde gisa dugun etorkizuna gure gogoaren eta lan egiteko borondatearen esku egongo da. Ikusiko da beraz!