Uztaileko Udalbatzarrean puntu bakar batek eragin zuen eztabaida

Uztaileko Udalbatzarrean puntu bakar batek eragin zuen eztabaida. Gai zerrendako (hemen sakatuz ikusi dezakezute) puntu guztiak aho batez onartuak izan ziren, azkenekoa ezik: EAJ/PNVren mozioa, herriko hainbat harrobi eta meategi estabilizatutako zabor-fardoen biltegi kontrolatu gisa ez erabiltzeko aldarrikatzen zuena.

Jose Manuel Ferradas Errenteriako Ezkerrako zinegotziak eta Bilduko Garazi Lopez de Etxezarretak horrelako gai bat (hondakinekin zerikusia duena) mahaigaineratzen zen  bostgarren aldia zela gogorarazi zuten. Ferradasek mozioak proposatutakoa Udalaren esku ote zegoen zalantzan jarri zuen. Lopez de Etxezarretak, bere aldetik, beste gairik ez dagoela ematen duela adierazi zuen, eta Julen Mendoza alkateak PNVren mozioa hainbat kontraesanetan erortzen zela esan zuen.

PPek eta PSEek PNVri babesa eman zioten. PNVeko Maite Peñak mozioak Errenteriako Udalaren adierazpen politiko bat bilatzen zuela argudiatu zuen, eta prest agertu zen testuaren edukian aldaketa teknikoak egiteko.

Mozioa bozketara atera zen eta onartua izan zen PP, PSE eta PNV alderdien aldeko 12 bozkekin eta Bildu eta Errenteriako Ezkerraren 9 abstentzioekin.

Galdera-eskarien txandan Oarsoaldeako Langabetuen Asanbladako Rafa Lorente kideak hitza hartu zuen. Errenterian 3.048 langabetu daudela gogorarazi zuen, populazioaren 15,8%, eta Oarsoaldeako beste herrietan egoera antzekoa dela azaldu zuen. Horregatik, langile gaituak beharrezkoak ez diren lanpostuak eskuratzeko langabetuei lehentasuna ematea eskatu zuen.

Udalbatzar hau Herri Bizian zuzenean streaming bitartez eskaini genizuen, eta hemendik aurrera sistema honi esker Errenteriako Udalbatzarrak zuzenean jarraitu ahal izango dituzute zuen ordenagailutik.