Summer of labs topaketa tekonologikoak Kabian burutuko dira hilaren 10 eta 11an

Summer of labs Euskadi 2012 ekimena Errenteriako Kabia Espazio Kreaktiboan burutuko da abuztuaren 10 eta 11an teknologiak eskaintzen dituen sormen aukerak eta erabilera sozialen inguruan ezagutzak partekatu eta lana egiteko.

Topaketa honen helburua bikoitza da, alde batetik, inguruko agente eta kolektiboak garatzen ari diren proiektu eta ekimenak aurkeztea. Bestetik, interesa duen ororentzat zabalik egongo diren tailerrak egitea; kultura askea, irekia eta elkarlanean oinarritua zabaltzea ardatz hartuta.

Ostirala, abuztuak 10, Tabakalerako laboratorioen proiektu egoilarrak aurkeztuko dira. Horien artean: tripulatu gabeko hegazkinak, laser izpien bitartez gauzak ebakitzen dituzten gailuak, kutsadura detektatzeko gailuak, datuak eta pertsona sareak ikusgarri egiteko tresnak … Proiektu horiek guztiak dokumentatzen ari gara ondoren nahi duenak errepikatzeko aukera izan dezan. Garapen prozesuak ere irekiak dira.

Larunbata, abuztuak 11, haur eta helduei zuzendutako tailerren eguna izango da. Kartulinak eta hautsitako jostailuen motor txikiak hartu eta robotak eraikiko ditugu, aurpegiak eskaneatuko ditugu eta 3D inprimagailu batean inprimatuko ditugu eta zaharkitutako edo erabligarriak ez diren etxetresnak eta gailu elektronikoei erabilera berriak ematen ikasiko dugu.

Tailer horietan parte hartzeko ez da ezagutza berezirik behar, kuriositatea eta ikasten dugun bitartean ongi pasatzeko gogoa besterik ez. Eguerdian elkarrekin Kabian bertan piknika egitea da gure asmoa. Arratsalde amaieran Arduinoren inguruko dokumentala proiektatuko dugu. Arduino hardwareak mota askotako gailu elektronikoak gure eskuekin sortzeko aukera eskaintzen duen teknologia librea da. Dokumentala euskaraz ikusteko aukera izango dugu elkarlanean lan egitea ahalbidetzen duten tresnei esker. Online ikusteko aukera ere izango da azpitituluak Universal Subtitle plataforman ipiniko baitira.

Abuztuaren 15etik 18ra Summer of labs Euskadik Bilboko ZAWPen izango du jarraipena. Lau eguneko tailer trinkoa egingo dugu Kabian abiatutako zenbait gairen inguruko hausnarketa sakontzeko. Ekintza horiek Summer of labs programaren barruan daude. Tabakalerak sustatu eta antolatua Arco Atlanticorekin elkarlanean, Kabia Espazio Kreaktiboa eta Zawp laguntzarekin.

Egitarau guztia hemen sakatuz ikusi ahal izango duzu.

Informazio gehiago eta izenemateak: summeroflabs.eu  Harremanetarako: info@summeroflabs.eu