Herri Biziak 18.000 pertsona baino gehiagoren bisita jaso du

Urte erdi pasatxo igaro da Errenteriako Udalak herribizia.errenteria.eus webgunea martxan jarri zuenetik eta, harrezkero, 18.241 bisitari ezberdin izan ditu. Webguneak haurtengo urtarrilean hasi zuen bere ibilibidea eta dagoeneko 35.374 bisita jaso ditu. Batazbeste, bi bisita inguru egin ditu bisitari bakoitzak.

Ibilbide honetan Herri Biziak 340 berri inguru eskaini ditu, euskaraz eta gazteleraz, hainbat irudiz lagunduta. Modu berean, 50 bideotik gora grabatu eta zintzilikatu dira.

Uztailean izan zen bisita markarik altuena: 10.100 bisita izan genituen hilabete horretan, Madalenen berri emate zabalari esker eta baita Kabia Espazio Kreaktiboan burututako hainbat ekimenen difusioari esker.

Etorkizuneko Errenteria

Herri Bizia Errenteriako gobernu taldeak aurkeztutako Udal Plana garatu eta ezagutarazteko tresnetako bat da. Plataforma honek errenteriarrentzat topaleku izateko borondatea du, guztion parte hartzea bilatuz, denon artean zer nolako herria nahi dugun erabaki eta etorkizuneko Errenteriaren oinarriak ereiteko. Webgune honek, azken finean, herri bizi baten adierazpena izan nahi du.

Herriko informazioa lehen eskutik eskaintzeko hedabidea izan nahi du ere. Denbora honetan 120 berri baino gehiago argitaratu ditugu hainbat bideo eta argazkiz lagunduta.