‘Kabihandiak’ errenteriar guztiak buruhandiak egiten ikastera eta kalejira batera gonbidatzen ditu

‘Kabihandiak’ ekimenak errenteriar guztiak buruhandiak egiten ikastera gonbidatzen ditu datorren abuztuaren 27an, astelehena, arratsaldeko 18:00tan Kabia Espazio Kreaktiboan (Barandiaran Plaza) burutuko den tailerrera.

Bakar-bakarrik, edo gurasoekin, edo seme-alabekin etor daitezke parte hartzaileak. Hori bai, 12 urtez beherako haurrek helduago baten laguntza izan beharko dute beti.

Guztira hamar bat saio izango direla aurrikusten dute antolatzaileek.  Saioen data eta ordutegia asteleheneko saioan adostuko dira parte hartzaile guztien artean.

Ekimen honen helburuak ondo pasatzea, ikastea eta elkar eraginean aritzea dira. Horretarako hainbat buruhaundi egingo dira eta, ondoren, buruhandi horiekin kalejira bat egingo dute herriko kaleetan barrena (iraila amaiera aldera).

Itziar Bandres izango da lantegi horretako arduraduna eta dinamizatzailea. Itziarrek esperientzia zabala du gai hauetan. Egin dituen lanen artean Karlos Argiñano sukaldariaren telebista programan agertzen diren panpin ezagunak daude.

Kabihandiak ekimenari buruzko informazioa jasotzeko edo aldez aurretik asistentzia konfirmatzeko helbide honetara idatzi dezakete interesdunek: kabia@errenteria.net.