Abian da errenteriarrek herriko hondakinen kudeaketa sisteman parte hartzeko prozesua

Abian da errenteriarrek herriko hondakinen kudeaketa sisteman parte hartzeko prozesua, herritar guztiei zabalduta dagoena, atzo Udaletxean burututako prentsaurreko batetan jakinarazi dutenez udal ordezkari eta Errenteriako Ingurumen Aholku Kontseiluko kideek.

Prentsaurrekoan Jose Manuel Ferradas Ingurumeneko zinegotzia eta Alazne Korta alkateordea izan dira. Horietaz gain, Kontseiluko  kideak izan dira ere. Agerraldian egungo hondakinen kudeaketaren egoerari buruzko txostena aurkeztu da.

Dokumentu honen arabera, hondakin gutxiago sortzen dituzte errenteriarrek baina gutxiago birziklatzen dute eta zabor gehiago amaitzen da zabortegian. 2008an hondakinen %38 birziklatzen zen eta 2011an kopuru hori %31ra jaitsi zen. Berdina gertatzen da zabortegian amaitzen diren hondakinekin: 2008an zaborraren %62 bidaltzen zen hara, eta 2011n %68a.

2008an San Markoko zabortegia itxi zenetik, Errenteriako zaborrak Urteta (Zarautz), Sasieta (Beasain) eta Lapatx (Azpeitia) zabortegietara bidaltzen dira, zaborraren garraioaren kostua areagotuz. Birziklatzen diren hondakinak Urnietara eta beste zenbait puntutara eramaten dira tratamendua emateko.

Eredu ezberdinak

Txostenaren arabera, ohiko zabor poltsaren edukiaren %40 organikoa da. Gainontzeko materialak beira, papera, edo plastikoa dira %40-50eko maila batetan birziklatu daitezkeenak. Bukatzeko, poltsaren edukiaren %10 eta %20 bitartean errefusa da; birziklaezina.

Txostenak azaltzen duenez, hondakin mota guzti hauen bilketa sistema ezberdinak existitzen dira, Gipuzkoako hainbat herrietan aurkitu daitezkeenak. Batetik egungo sistema, %31,3ko birziklapen maila batera mugatzen dena. Bestetik atez-atekoa eredua, Oiartzun, Usurbil, Antzuola edo Hernanin erabiltzen dena gutxieneko %80-90eko birziklapen tasa batekin.

Beste aukera bat bosgarren edukiontziaren erabilera da hondakin organikoak biltzeko. Jada Urola Kostako Mankomunitateko herrietan, Zumarragan edo Donostiako Amara auzoan ezarrita dagoen sistema da eta %35.40 arteko birziklapen tasa bat eskaintzen du. Bukatzeko, sistema mistoa aurkituko genuke, Itsasondon martxan dagoena. Azken horrek bost edukiontziak mantentzen ditu kaleetan,  kolore beredeko nahasketako hondakinena ezik, eta bere lekuan errefusa biltzeko atez atekoaren antzeko kuboak erabiltzen dituzte.

Bisitak eta bilerak bizilagunekin

Eredu guzti hauek gertutik ezagutu eta aztertzeko hauek erabiltzen diren hainbat herrietara bisitak egiteko asmoa du Ingurumen Aholku Kontseiluak. Horretaz gain, herriko hondakinen kudeaketan herritarrek parte hartzeko prozesuaren barnean, auzoz auzo bilerak egingo ditu herriko hondakinen egungo egoerari buruzko txostena bizilagunei aurkeztu eta hondakinak biltzeko sistemen inguruan beren iritzia aditzeko. Hortik ateratako ondorio eta proposamenak bildu eta dokumentua Udalari bidaliko dio azaroa aldera.

Horretarako egutegi bat zehaztu da. Irailaren 15ean hitzaldi ireki bat egongo da Reina aretoan, goizeko 10.00etan, zaborren kudeaketari buruz, eta ondoren, mahai ingurua antolatu dute hainbat aditurekin. Hilaren 29an, berriz, kontseiluak hondakinak biltzeko beste esperientziak ezagutzeko bisitei ekingo die: Beasain (bosgarren edukiontzia), Oiartzun (atez atekoa) eta Itsasondora (eredu mistoa).

Ondoren, urriaren 10ean, auzoz auzoko bilerak hasio dira. Lehenengoa erdialdea, Pontika, Gaztaino eta Iztietako bizilagunekin izango da; hurrengoa, urriaren 17an, Beraun, Galtzaraborda, Alaberga eta Kaputxinoetako bizilagunekin. Urriaren 24ean berriz Gabierrota, Fanderia, Lartzabal eta Agustinetako bizilagunen txanda izango da; eta bukatzeko, urriaren 31ean, Zamalbideko bizilagunekin izango dute bilera.

Ferradasek azaldu duenez plan honekin bideak ireki nahi dira herritarrei informatzeko, hauen hausnarketa eragiteko eta beren ahotsa entzuteko, “etorkizunean zein politika martxan jarri behar diren jakiteko”.

Alazne Korta alkateordeak, bere aldetik, bileretan herritarren parte hartzearen garrantzia nabarmendu du, zalantzak argitu eta gai horren gainean “euren iritzi propioa lantzeko, eta herritarrek erabakitzeko zer nahi duten herriarentzat”.