Emozioz betetako uneak Errenteriako azken korporazio errepublikarraren omenaldian

Errenteriako Udalak Errepublika garaiko azken korporazioa omentzeko ekitaldi bat burutu zuen irailaren 13an gogoratzeko “orduko Udalak legezkotasuna defendatu zuela historiara askatasunaren ukatzaile gisa pasa direnen aurrean”.

Ekitaldira pertsona asko azaldu ziren, Udalbatza aretoa gainezka zegoelarik. Bertan, Mikel Zabaleta historialari errenteriarrak hitzaldi bat eskaini zuen. Ondoren, Miren Mendarte, Serapio Mendarte PNVko zinegotzi fusilatuaren alabak hitza hartu zuen. Ekitaldia Julen Mendoza Errenteriako alkateak itxi zuen.

Askatasunarekiko konpromezua

Errekonozimendu honekin martxoko osoko-bilkuran udal talde político guztiek aho batez onartutako akordioa betetzen du, berreskuratuz “garai hartako alkate, zinegotzi eta funtzionarioen memoria, frankismoarekin moztuta geratu zen demokrazia aldiaren azken kate-maila”.

Horrela, egungo Udalak bere egin nahi du azken udal korporazio errepublikanoak “askatasunekiko zeukan konpromisoa, Paulino Garcia alkatea eta Florentino Loidi, Pío Echeverría, Juan José Urigoitia, Juan Michelena, Antonio García, Silvino López, Arturo Prieto, Marino Bermejo, Agustín Bagües, Serapio Mendarte (fusilatua), Niceto Goicoechea, Ascensión Lasa, José Ereño, Isidro Bengoechea eta Jose Antonio Picabea zinegotziek hartutakoa”.

Modu berean, tropa frankistak Errenterian sartu zirenean kargutik kendu zituzten 35 udal funtzionarioei eta hauek betetako lanari ere errekonozimendua egin zitzaien.