Dantzaz betetako egitaraua Errenterian astebururako

Asteburu honetan dantzaren inguruko ekimenak izango dira nagusi Errenterian. Batetik, ostiralean, ‘Dantza hirian’ jaialdia burutuko da estatuko eta nazioarteko hainbat koreografia ezberdinekin, eta igandean Errenteria Hiria Kulturgunean ‘Oroitzen naiz’ dantza ikuskizunaren emanaldia izango da.

Ekitaldiok atzo aurkeztu zituzten Kabia Espazio Kreaktiboan burututako prentsaurreko batetan Irune Balentziaga Kulturako zinegotzi errenteriarrak, “Oroitzen naiz” ikuskizuneko Carine Labordek, “Dantza Hirian” jaialdiko Myriam Arkaia zuzendariak eta Kukai dantza taldeko kidea den Jon Maya dantzariak.

Bihar 18:00tan hasiko da ‘Dantza hirian’ jaialdia, lau emanaldiz osatuta egongo dena. Lehenengoa Kukai dantza talde errenteriarraren ‘Sorbatza’ ikuskizuna izango da, 18:00tan hasiko dena Xabier Olaskoaga Plazan. Ondoren, 18:30ean, Zumardian, Candelaria Antelo eta Arthur Bernard Bazin Argentinatik etorritako dantzariek ‘Te odiero’ lana eskainiko dute.

Ordu laurden bat beranduago, Foruen Plazan, Bartzelonako Olga Clavel eta Myriam Mariblanca dantzariek ‘Llena de flores tu boca’ lana eskainiko dute eta, bukatzeko, Herriko Plazan, Sevillako El Punto Danza Teatro taldea arituko da ‘Animal Party’ ikuskizunarekin.

Igandean, Malandain Ballet Biarritz eta Euskal Kultur Erakundeak elkarlanean sortu duten Oroitzen naiz ikuskizuna eskainiko da igandean (irailak 23) Errenteria Hiria Kulturgunean, arratsaldeko 19:00tan.

Eguraldia

‘Dantza Hirian’ jaialdiaren egunean euria egiten badu, Kabia Espazio Kreaktiboan (Barandiaran Plaza) burutuko dira jarduerok.