Errenteriako XI Futbol 7 Lehiaketa igandean hasiko da

Datorren igandean, irailaren 30ean, Errenteriako Udal Kirol Patronatuak antolatzen duen “Errenteriako Kirol Patronatua – Futbol 7-ko XI. Torneoa” hasiko da, eta 2012-2013 denboraldi osoan zehar burutuko da.

Aurreko edizioen arrakasta dela eta, oraingo 11. edizio honetan eskualdeko 50 taldek (900 jokalarik) hartuko dute parte. Leku falta dela eta, zenbait talde kanpoan geratu dira, eta erreserban utzi ditugu torneoaren hurrengo edizio batzuetarako.

Pasa den edizioko garaileak ondoko hauek izan ziren: 1. Fasean “Desira Café”, 2. Fasean “Gailur Taberna” eta 3. Fasean “Bar Vivaldi-Otis”.

Araudian hamar taldeko bost multzo osatu dira, eta horiek hiru fase jokatuko dituzte. Lehenengo fasea igande honetan hasiko da. Fase hori amaitu ondoren, azkeneko hiru taldeak lehenengo mailatik bigarren mailara jaitsiko dira. Bigarren mailan sailkapeneko aurreneko hiru taldeak lehenengo mailara igoko dira, eta multzo bakoitzeko azkeneko hirurak hirugarren mailara jaitsiko dira. Azkenik, hirugarren mailako multzo bakoitzeko lehenengo hirurak bigarren mailara igoko dira.

Torneoa Beraungo eta Fanderiako belar artifizialeko futbol-zelaietan jokatuko da, igandero goizeko 09,00etatik eguerdiko 14,00etara. Partiduak ikusteko sarrera dohainik izango da.

Torneo honi buruzko informazio guztia (araudia, egutegia, argazkiak, eta abar….) Udal Kirol Patronatuko web orrian ikus daiteke.

ARGAZKIA: Desira Café