Dantza herrikoien dantza ikastaroa antolatu du Ereintza Dantza Taldeak

Ereintza Dantza Taldeak, herri dantzak sustatzeko lanean, dantza herrikoien dantza ikastaroa antolatu du beste urte betez. Horretarako hitzordua egin dute irailaren 27rako. Ereintzaren egoitzan (Juan de Olazabal 23, behea) interesa dutenekin bilera egingo dute, 20:00etan, ikastaroen egunak, taldeak eta orduak zehazteko. Bilerara joan ezin dutenek ereintzaikastaroak@hotmail.com helbidean beren izena-abizenak eta telefono zenbakia utzi beharko dituzte.

Bertara beste urtetan ikastaroetan parte hartutakoek eta ikasle berriek azaldu beharko dute. Ikastaroetan,  muxikoak, fandango eta arin-arina, kontradantzak… edozein erromeria edo dantzalditan dantzatzen diren dantzak erakutsiko dira.

Ikastaroen antolatzaileen arabera, hasieratik plazetan dantzan aritzen den herritarren kopuruak gora egin du eta, haien aburuz, “bide onetik” doazela esan nahi du horrek.