Berdintasun Kontseiluak hainbat kirol talde espontsorizatuko ditu

Kategoria gabe 2012-10-05 | 0

 Hibaikako emakumezkoen senior taldea, Oarsoaldea Igeriketa Kirol Elkartearen emakumezkoen infantil-kadete taldea eta Beisbol eta Sofbol Rentoks taldearen kadete taldea espontsorizatuko ditu Errenteriako Berdintasunerako Kontseiluak 2012-13 denboraldian

Horiek dira Errenteriako Berdintasunerako Kontseiluak 2012-13 denboraldian zehar emakumezkoen hiru kirol-talde espontsorizatzeko lehiaketan puntuaziorik altuena lortu duten taldeak. Guztira, 47 emakume kirolari izango dira zuzenean espontsorizazioak eragindakoak.

Pasa den ekainaren 4ean argitaratu zituen Errenteriako Berdintasunerako Arloak lehiaketaren oinarriak eta 4 elkarteetako emakumezkoen taldeek parte hartu dute: Saski-Oiarso Saskibalio Kirol Taldea, Hibaika Arraun Elkartea, Club Deportivo de Besibol y Sofbol Rentoks de Errenteria eta Oarsoaldea Igeriketa Kirol Elkartea.

Ekimen hau lotuta dago Errenteriako Berdintasun Planak kirolaren eremurako jasotzen dituen helburuekin, eta bereziki eragin nahi du antolatutako kirolean emakumeen presentzia eta parte-hartzea areagotzeko eta emakumeek egindako kirolaren berri eman eta ikustarazteko helburuekin.

Horretarako, espontsorizazioaren bidez hainbat alderdi babestu nahi dira:

  • Alderdi ekonomikoa: talde bakoitzak 2.000 €-ko diru-laguntza jasoko du.

  • Berdintasunerako Kontseiluarekin lotutako irudia.

  • Kirol-talde horien elkarteek dituzten giza-baliabideen zein baliabide materialen erabilera parekidea.

  • Komunikabideei lotutako sustapena, horretarako Errenteriako Berdintasunerako arlotik egingo den lanaren bidez.

Berdintasunerako Kontseiluak espontsorizatuko dituen kirol-taldeen aukeraketarako hainbat alderdi hartu dira kontuan:

  • Batetik, klubaren edo kirol-elkartearen hainbat alderdi hartu dira kontuan: emakumeen presentzia bazkideen artean, zuzendaritzan, talde teknikoan edota kirolarien artean; klubeko emakumezkoak lehia ofizialean aritutako lehen urtea, zenbat kategoriatan ari diren emakumeak lehia ofizialean, emakumezkoen kirola sustatzeko planik edo arduradunik baden, etab.

  • Bestetik, espontsorizatzeko proposatu den kirol-taldearen beraren alderdiak hartu dira kontuan: taldea osatzen duten emakumeak zenbat diren, talde teknikoan emakumeek duten presentzia, jokatzen duten kategoria, lehiaketaren lurralde-eremua, taldea osatzen duten emakumezkoek federatuta daramaten urte-kopurua, etab.

Egindako balorazioaren ondorioz, hona hemen aurkeztutako taldeek lortutako puntuazioa, handienetik txikienerako hurrenkeran:

  • Hibaika Arraun Elkartea, emakumeen talde seniorra

77 puntu

  • Club Deportivo de Besibol y Sofbol Rentoks de Errenteria, emakumeen talde kadetea

69 puntu

  • Oarsoaldea Igeriketa Kirol Elkartea, emakumeen talde infantil-kadetea mailako errendimendu ibilbidekoa

66 puntu

  • Saski-Oiarso Saskibalio Kirol Taldea, emakumeen talde seniorra

65 puntu

Lehiaketa, Errenteriako kirol klubetan emakumeen parte-hartzea sustatzeko baliabide garrantzitsua

2011-2012an espontsorizatutako kirol-taldeek eginiko balorazioak jakitera ematen digu, alde batetik, espontsorizazioak kirol-taldeentzat oso eragin positiboa izan duela eta bestetik, emakume eta gizonen arteko berdintasun erreal eta benetakoa lortzeko oraindik asko dagoela egiteko kirol eremuan.  

2011-2012 denboraldian kirol-taldeei emandako bultzadak eragina izan du talde batzuen emaitzatan. Hala nola, Hibaikak espontsorizazioaren diruarekin batela erosi zuen eta lehenengo postua lortu du Gipuzkoako Batel Ligan eta Euskadiko Batel Txapelketan. Beste batzuek, aldiz, espontsorizazioari esker lortu dituzte ekipajea hobetzea eta klubeko emakumeen kopurua handiagotzea, Car-en kasuan, adibidez.

 Modu orokorrago batean, espontsorizazioren eragina beste kirol-taldeetan ere ikusi daiteke. Kirol-taldeek 2011-2012 eta 2012-2013 denboraldietarako aurkeztutako datuetan oinarrituta talde guztiek puntuazio handiagoa lortu dutela ikusi daiteke. Honek adierazten digu, espontsorizazioa eskatu duten taldeetan, emakumeen parte-hartzea handitu dela; bai klubean emakumezko bazkide gehiago dituztelako, bai zuzendaritzan emakume gehiago dituztelako. Adibidez, Oarsoaldea Igeriketa Kirol-elkarteak zuzendaritzan dituen emakume kopurua handitu du, gaur egun, emakumeak gizonak baino gehiago direlarik.

 Espontsorizazioa dela eta Errenteriako Beisbol eta Sofbol Rentoks Kirol-Taldeak emakumezkoen sofboleko 1º Berdintasunerako Kontseilua Txapelketa antolatu du. Txapelketa urriaren 27an eta 28an Loiolako Erriberako sofbol zelaian jokatuko da. Parte hartuko dute Atletico San Sebastian, Orioko OBB eta Lazkaoko Sofbol taldeek.

Esker ona kirol klubei eta komunikabideei. Lanean jarraitzeko deia

Amaitzeko eskerrak eman nahi dizkiegu Errenteriako kirol-klubei egin duten esfortzuagatik eta animatu nahi ditugu berdintasuna lortzeko ahaleginean urratsak ematen jarrai dezaten, izan ere, bide luzea dago egiteko eta kirol-elkarteak eragile garrantzitsuak dira.

 Aldi berean, komunikabideak eskertu nahi ditugu espontsorizatutako kirol taldeei egin dizkieten erreportaje eta albisteengatik. Eta aukera aprobetxatu nahi dugu aurtengo denboraldian espontsorizatutako kirol taldeen emaitzen jarraipen handiagoa egin dezaten.

No comments yet.

Utzi erantzuna