“Errenteriarron Aurrekontuak” urriaren 10ean hasiko dira

Errenteriak aurrekontu partehartaileak izango ditu 2013an. Julen Mendoza alkateak, Jose Manuel Ferradasek eta Jon Txaskok gaur aurkeztu dute Errenteriak datorren urtean izango dituen aurrekontuak erabakitzeko prozesua. Herritarrekin eta ahalik eta eragile guztiekin egin nahi dituztela azaldu du Mendozak: “Parte hartzea ez da eslogan hutsa, behar demokratiko bat ere bada, eta ez hori bakarrik: kudeaketa hobetzeko modu ezin hobea da”.

Urriaren 10ean, 18:30ean Merkatuzarren “Azaltzen diren herritar guztiekin” abiatuko da 2013ko aurrekontuen prozesu parte hartzailea. Jon Txaskok egun horretan aurkeztuko denaren aurrerapen bat egin du, hainbat datu erabilita: “2012ko aurrekontuetan 45 milioi euro kudeatu ditugu, eta, guztira, 500.000 € jaitsi da aurrekontua, horietatik 220.000 € gastu eta soldata politikoetan”. Udalaren zorren inguruan ere hitz egin du Ogasuneko zinegotziak. Honela, 17 milioi € -ko zor likidoa dago, alde batetik; bestetik, funts foralari eta gainerakoei zor zaizkienak batuta 6.500.000 € itzultzeke dauzka Errenteriako Udalak.

Egoera honetan, denok ikasi behar dugula adierazi dute Udaleko ordezkariek: “Herritarrek aurrekontuak nola egiten diren, eta lehentasunak non jarri behar diren ikusiko dute; guk, herritarrek zuzenean adierazten digutena entzuten eta islatzen”.

Lehen aldia da Errenteriak aurrekontu parte hartzaileak izango dituena.  Prozesua asteazken honetan abiatuko da, eta azaroa erdialdera bitarte ekarpenak jasotzen jarraituko du. Helburua abenduan aurrekontuen proposamen osoa aurkeztea da.