Landalurraren VII Azoka ospatuko da larunbatean Zumardian

Landalurraren VII Azoka ospatuko da larunbatean Zumardian goizeko 10:00etatik arratsaldeko 18:00 etara, Errenteriako Udalak eta Behemendi Landa Garapenerako Elkarteak antolatuta. Udaletxean atzo egindako prentsaurreko batetan aurkeztu dute egun honetarako prestatu den programazioa eta berrikuntzak. Agerraldian Jose Manuel Ferradas Errenteriako Ingurumen zinegotzia, Behemendi Elkarteko Mikel Zendoia eta herriko produktuekin egindako menuak eskainiko dituzten hiru jatetxeen kudeatzaileak.

Aurtengo azokarako prestatutako jarduerak hainbat dira, berritasun batzuekin. Hainbat erakusketa izango dira: Udalak erabiltzen dituen ibilgailu elektriko ez kutsakorrak, urtero egiten den erakusketa mikologikoa, herrian landa garapenarekin zerikusia duten jarduerena,energia berriztagarrien inguruko informazio puntu bat edo ganadu erakusketa.

Gipuzkoako erlezainen postu bat ere izango da liztor asiatikoari buruz informazioa eskaintzeko eta espzie inbadiltzaile honek ingurumenean sortu ditzakeen kalteen inguruan sentsibilizatzeko jendea.

Errenteriako produktuak

Tokiko produktuen dastaketa batetaz gozatu ahal izango dute bertaratzen direnek, AEK erakundearen laguntzarekin. Egiluze sagardotegiak antolatuta, sagardoa nola produzitzen den erakutsiko da ere.

Hiru jatetxek herrian ekoiztutako jakiekin osatutako platerak eskainiko dituzte: Batzokiko jatetxeko Iñaki Gezalak azaldu du “luxu bat” dela ekimen honetan parte hartzeko aukera edukitzea. Gaztelu jatetxeko Iban Romerok hemengo produkutuak kontsumitzeko garrantzia eta hauen kalitatea azpimarratu ditu. Honen harira, Gambrinus tabernako Rafa Fernandezek bezeroek jakien kalitatea nabaritzen dutela nabarmendu du eta bere sukaldean erabiltzen dituzten tomateen adibidea jarri du, inguruko baserrietan ekoiztutakoak.

Musika egun guztian zehar egongo da eta txikienentzat esne ekologikoarekin prestatutako txokolatada eta Irrien Lagunak Klubak prestatutako hainbat jarduera egongo dira.