Talde polita bildu zen Merkatuzarren Errenteriako Hondakinen Batzordea abian jartzeko

Atzokoan, adin, iritzi eta auzo ezberdinetako pertsonak elkartu ziren Merkatuzarren Errenteriako Hondakinen Batzordearen lehen bileran, guztiek puri-purian dagoen gaiari heltzeko gogoz. Izan ere, hiritarrekin eta hiritarrentzako hausnarketa, iritzi trukaketa eta eztabaida-gune izan asmo du batzorde honek.

Sentsibilizazio, heziketa eta kontsumo-ohituren aldaketa beharrezko direla jakinik, taldeko kideek argi adierazi zuten, egungo egoera berean jarraitzea ezinezkoa dela, hau da, gaikako bilketa areagotu eta birziklatu ezin den hondakina murriztu egin beharra dagoela (2011. urtean hiri-hondakin solidoen %31,3 gaika bildu eta %68,7a zabortegietara bidali zen ). Horretarako, ordea, argi ikusi zuten, besteak beste, Zaborren eta hiri hondakinen bilketari buruzko Ordenantza eguneratu egin beharko litzatekeela (1997an onartu zen).

Helburu horiek lortzeko, zenbait proposamen eta ideia bilduko dituen dokumentua osatu eta udalari helarazteko asmoa du Hondakinen Batzordeak, eta horretan jardungo du hurrengo hilabeteetan. Horretarako, baina, Errenteriako bizilagunen iritziak ezagutu eta euren ekarpenak ere bildu nahi ditu taldeak. Hori dela-eta, urtarrilari begira, gaia auzo ezberdinetara eramatea aurreikusi du Batzordeak.

Hondakinen Batzordea datorren asteartean (azaroak 13), 19:00etan, Merkatuzarren bilduko da berriz ere, eta interesa duten hiritarrak animatzen ditu lan-taldean parte-hartzera. Era berean, Ingurumen Aholku Kontseilutik gogorarazten da beste Energia, Biodibertsitatea, Landa eta elikadura garapena eta Kutsadura arloak lantzeko Gaikako Batzordeak sortzeko bidean direla. Bertan parte hartu nahi dutenek 943 492 215 edo aitor@izadi21.net helbidera zuzendu daitezke.

Animatu eta parte hartu!