Herritarrek Fiare proiektua ezagutzeko aukera izan zuten

Astelehenean 19:00tan Reina Aretoan burutu zen solasaldian, bertaratu ziren herritarrek Banka Etikoa eta Fiare proiektua hobeto ezagutzeko aukera izan zuten. Ia bi ordu iraun zuen solasaldian Fiare proiektuaren hastapenak eta orain arteko ibilbidea ezagutu ahal izan ziren Periko Etxeburua Fiare Gipuzkoako koordinatzailearen eskutik.  Ion Loiola eta Beñat Irasuegi Fiare Oarsoaldea taldeko kideek berriz, eskualdean eta maila praktikoan nola lan egiten duten azaldu zuten. Azalpen orokorren ondoren herritarren dudak argitu eta galderak zabal erantzuteko aukera izan zen.

Pelukasek Herri Biziari utzitako argazkietan ikusi daitekeen moduan, Behar Bidasoa elkarteak eta Fiare Oarso taldeak antolatutako solasaldirako deialdiak harrakasta izan zuen, eta 85 pertsona hurbildu ziren azaldutakoak jasotzera.

Gogoratu behar da Errenteriako Udala Fiare proiektuko bazkide egin zela orain dela aste gutxi, eta babes horrekin Fiare Oarsoaldea taldeak, laister sortuko den Kreditu Kooperatiba etikoaren sozializazio herritarrari ekin dio. Bide horretan datozen asteetan informazio puntu bat ireki nahi dutela azaldu zuten, eta edozein azalpenerako fiareoarso@gmail.com helbide elektronikoa herritarren esku jarri zuten.