Errenteriako Kirolaren Gala, urte zoragarri baten amaiera

Unai Unsuain Kiroletako zinegotziak, Julen Mendoza alkateak eta Mikel Odriozola atleta olinpikoak gaur aurkeztu dute abenduaren 14an (ostirala) 19,00etan Errenteriako Hiria Kulturgunearen auditorio nagusian egingo den “Errenteriako Kirolaren Gala”ren III Edizioa. Ekitaldi horren asmoa da, Errenterian kirola egitea ahalbidetzen duten pertsona eta erakundeen bilgune izateaz gain, gure kirolarien lana eta arrakastak ospatzea.

Kirolaren Gala bilgune bat da eta aukera ematen du, urtean behin behintzat, Errenteriako klubak espazio komun batean elkar daitezen, beren eskarmentua eta ezagutzak partekatzeko.

Denok ezagutzen ditugun arazo ekonomikoez gain, gure ustez, aurten, ospatzeko arrazoiak ere badaude. Errenteriako ekipo nahiz banakako kirolari askoren ahalegin eta arrakastarekin batera, ezin ditugu ahaztu Errenteriako kirolaren beste zenbait alderdi. Ildo horretatik, azpimarratu behar da Udal Kirol Patronatuak 11.500 abonatu muga gainditu duela, urte batzuetan itxita egon ondoren, Kaputxinoetako Igerilekua ireki dela edo Patronatuak berak antolatutako Futbol-7ko Txapelketak, hamargarren edizioan, izan duen arrakasta.

Hala ere, Kirolaren Gala honetan, Udal Kirol Patronatutik eta Errenteriako Udaletik, omenalditxo bat egin nahi diegu 2012an zehar bereziki nabarmendu diren entitate eta kirolariei. Hori dela eta, oroitzapenezko plaka bana emango diegu ondorengo entitate eta kirolariei:

Touring Kirol Elkartea, preferente mailako ekipoa Ohorezko mailara igotzeagatik.

Ereintza Eskubaloia, ekipoa 2. mailara igotzeagatik.

Hibaika Arraun Elkartea, 2011/2012 denboraldian izandako garaipenengatik.

Mikel Odriozola, Londoneko Olinpiadetan 50 km Martxa proban parte hartzeagatik.

Ane Santesteban txirrindularia, Valkenburgeko (Holanda) Munduko txapelketan eta Espainiako sub-23 txapelketan parte hartzeagatik.

Era berean, galan bideo bat proiektatuko da Errenteriako kirolaren une onenekin. KUKAI taldearen partaidetza izango da.