Errenteriarrak pozik euren bizi kalitatearekin

Errenteria 2025 Plan Estrategikoaren baitan IKEI enpresak egindako Herritarren Perzepzio Inkestak datu esanguratsu asko utzi ditu. Guztira, Errenteriako 400 etxetan galdetu dute, % 5 eko errore tartearekn, 2012ko urriaren 8tik 19ra, eta egileen arabera datuak “fidagarriak” dira oso.

Honela, errenteriarren %85,1 entzat Errenteria “Bizitzeko hiria” da, eta 0tik 10erako eskala batean, 7,7ko puntuazioa ematen diote atal honetan. “Erosteko hiria“, aldiz, %64,9k dela uste du, eta alor horretan 7,0ko puntuazioa du. “Lana egiteko” eta “Bisitatzeko” hiria dela %47,3 eta %36,3k baino ez du uste , eta 6,1 eta 5,1eko puntuazioa ematen dute hurrenez hurren. “Lo-hiria” dela, azkenik, errenteriarren %32,3k dio, 4,7ko puntuazioarekin.

Oro har, errenteriarren %66 pozik daude “beti” Errenteriako bizi kalitatearekin, eta %6, aldiz, ez da pozik sentitzen. Gainontzekoak (%28) batzuetan pozik eta beste batzuetan ez, agertu dira. Ondorioz, biztanleriaren gehiengoak herrian bizi nahi du, orainean eta etorkizunean. Baieztapen horrekin ados dauden errenteriarrak %89,1 dira.

Segurtasunari dagokionean, seguru sentitzen dira Errenterian hiritar gehienak, emakume eta gizonezkoen artean alde handia badago ere: %71,1 lehenengoak eta %62 bigarrenak.

Zerbitzuen alorrean, oso balorazio ona dute, oro har, daudenek: Herri barruko nahiz kanpoko garraioa (%94), Osasun Zerbitzuak (%88), Kirol ekipamenduak (%86), Espazio Publikoak (%83), Auzoetara irisgarritasuna (%82) eta Ongizate eta gizarte-laguntzako zerbitzuak (%81).

Herritarrek alderdi hauek ikusten dituzte hobetu beharrekoak, eta onespen baxuena jaso dutenak: Ingurumena (%49,4), Etxebizitza (%30,1), Enpresa berriak erakarri eta garatzeko gaitasuna (%27,3), Trafikoa eta aparkalekuak (%23,7) eta balorazio txarrena duena: Bisitariak eta turistak erakartzeko gaitasuna (%19,6).

Etorkizunari begira, hauek dira errenteriarrentzat gairik garrantzitsuenak: Jarduera ekonomikoa eta enplegua (%96), Etxebizitzara sarbidea (%92), Hezkuntza eta prestakuntza (%90) eta Ingurumena eta kontsumoa (%85).

Ongizate eta garapenari dagokionean, sei gai hauek azpimarratu dituzte herritarrek: Kultura (%87,5), Zerbitzu Sozialak (%86,9), Hirigunearen garapena (%81), Euskararen erabilera (%80,4), Natura eta nekazal guneak (%76,7) eta Merkatal eskaintza (%76,3). Baliorik baxuenak, aldiz, hauetan antzeman dira (baxuenetik hasita): dinamismoa eta biztanleriaren hazkundea (%62), Garraio publikoa eta mugikortasuna (%67,7), Eskaintza turistikoa (%70,6) eta Aisialdiko jardueren eskaintza (%77,5).

Inkesta bere osotasunean, hemen klikatuta ikus dezakezue.