Errege kabalgata koloretsua izango da

Urtero bezala, aurten ere Errege Kabalgata ederra izango du Errenteriak. Unai Unsuain Gaztedia zinegotziak APYMCA IG Telleri, Eureka Dantza Taldea eta Jaitoki Furius konpartsarekin batera, gaur aurkeztu du aurtengo Errege Kabalgata. Unsuainek adierazi duenez, lehen aldiz “Elkarteei irekia den batzorde batek hartu ditu antolakuntza eta erabakien ardura”. Urrian hasi dira bilerak egiten, eta orain arte aritu dira antolakuntza lanetan aipatutako hiru elkarteak.

Ohiko moduan, Kabalgata 18:00etan irtengo da Tulle kaletik (Pontika), eta Maria de Lezo, Biteri, Segundo Izpizua, Nafarroa Etorbidea eta Zumardia pasata, 19:00etan  iritsiko da udaletxera. Harrera, ordea, ez da bertan egingo, Merkatuzarren baizik. Azaldu dutenez, “Udaletxean jende gutxiegi kabitzen zen, segurtasun arazoengatik, eta Merkatuzarren aukera dago dena askoz erosoago egiteko”.

Kabalgatan, Erret Postariak joango dira aurretik, eta hiru karrozak ondoren, 20-25na antortxerorekin, baserritarrak lagun dituztela. Naximentua asto batek eramango du erremolke batean, eta bidea Errenteriako Udal Musika Bandak irekiko du. Guztira 150 lagunek osatuko dute Kabalgata.

Txikien eta ez hain txikien gozagarri, 510 kilo goxoki eta 7000 txokolatezko txanpon banatuko dituzte, denak ere zeliakoek jateko egokiak. Erregeei dagokienez, jubilatu taldeetatik boluntario ugari atera dira paper hori betetzeko. Denen artetik, euskaraz eta gazteleraz mintzatuko diren hiru hautatu dituzte.

Azkenik. Errenteriako Udalak Babes Zibileko kideak txalotu nahi izan ditu eskaintzen duten laguntzagatik, eta eguraldi ona iragarrita dagoela azaldu du.