Udala herri-basoetako bordak berritzen hasi da

José Manuel Ferradásek, Mendi eta Ingurumeneko Departamentuaren zinegotzi arduradunak, jakinarazi du abenduan bukatu zirela Burkondoko borda berritzeko lanak. Borda hori herri erabilerarako lehen eraikina da gutxi barru Añarbeko Baso Erreserba izango den eremuan, Aiako Harria Natur Parkean.

Lan horretan teilatua eta tximinia erabat konpondu dira, eta mendizaleek eta Natur Parkea bisitatzen dutenek erabiltzeko moduan dago. Udalak horretan 5.000 € inbertitu ditu Oiartzungo Mugarri S.L. enpresa kontratatzeko.

Era berean, Udalak gizarte eta ingurumeneko eragileak, esate baterako G.M. Urdaburu, animatu eta inplikatu nahi ditu herriko natur eta etnografia ondarea manten dezaten. Izan ere, Pagotzarteko eta Maizarreko bordak Natur Parkearen Kudeaketa Organoak berritu zituen, mendizaleen erakunde horren ekimenez.

Hori konpondu den lehen borda izan da, eta zortzi udal borda dira Añarbeko Erreserban apurka-apurka konponduko direnak: Burkondo, Asentso, Maizar, Pagotzarte, Malbazar, Ezpalaurgi, Irurita eta Otraitz. Baso Erreserba izendatzeko bidean, Mendi Bide Sarea eta basoetako bordak berritzeaz gain, Erreserbatik kanpo larreak izateko azalera ere handituko da, eta horretarako Malbazar eta Pertseleko eremuetan landaredi exotikoak kenduko dira. Horrela, bada, Añarbe barruan bazkatzen aritzen diren abereak larre horietan kokatu beharko dira.

Azkenik, halakoak behar bezala erabiltzea eskatzen dugu, bertan hondakinik utzi gabe eta leku horiek errespetatuz. Horrez gain, Udalak gogorarazi nahi du Errenteriako Añarben dauden borda guztiak udal baso ondarearenak direla, publikoak eta libre erabiltzekoak direla, eta edozein iradokizun edo salaketa jartzeko Udalarekin harremanetan jar daitekeela ingurumena@errenteria.net e-mail-ean edo 943- 449603 telefonoan.