“Eraikiz”: etorkizun baketsua sustatzeko hausnarketari leihoa

Kategoria gabe 2013-01-11 | 3

Julen Mendoza alkateak, Jose Anjel Rodriguezek (PSE-EE), Maite Peñak (EAJ-PNV), Jose Maria Herzogek (PP) eta Jose Manuel Ferradasek (Ezker Anitza) “Eraikiz” Zine eta Antzerki Zikloa aurkeztu zuten atzo. Beraien hitzetan:

“Zinema eta antzerki ziklo hau antolatzeko jatorri politiko ezberdinetako alderdi eta pertsonak elkartu gara. Gure helburua, herri honen etorkizun baketsuaren aldeko aurrerapausua ematea da. Horretarako, eskainiko diren emanaldi eta mahai inguruek hausnarketarako leiho bat irekitzea nahiko genuke.”

Aurrekaririk ez duen egoera da hau, horrelako gai bati ekiteko alderdi guztiak ez baitira gaur arte elkarlanean aritu. Zikloa hiru filmek eta antzezlan batek osatuko dute, eta emanaldiak bezain garrantzitsuak izango dira gonbidatuak, herri honetako sufrimenduaren alde ezberdinetakoak izango baitira. Hona egitaraua:

Urtarrilaren 24an, irekiera ofizial ekitaldia alderdi guztien parte hartzearekin, eta “Memorias de un conspirador” filma. Anjel Amigo filmaren zuzendari errenteriarra eta Jesus Egiguren PSEko politikaria eta filmaren protagonista izango dira bertan.

Urtarrilaren 26an, “Barrura begiratzeko Leihoak” filma, Mireia Gabilondo eta Jon Ugarte gonbidatuekin.

Urtarrilaren 31n, “A Fuego Lento” antzezlana, Imanol Muruaren “Loiolako Hegiak” liburuan oinarrituta.

Otsailaren 2an “Hablan los ojos” filma emango da, eta bertan izango dira Gorka Espiau, Joxean Agirre preso ohia, eta Rosa Rodero ETAk eraildako Joseba Goikoetxearen alarguna.

Emanaldi guztiak 19:00etan hasiko dira, Niessen Kulturgunean. Sarrera dohainik izango da, baina erreserbatu nahi duenak aukera izango du lekua gordetzeko 943449611 telefonoan eta alkatetza@errenteria.net helbidean.

No comments yet.

Utzi erantzuna