Errenteriako I. Indoor Triatloia larunbatean

Otsailaren 9an (larunbata) Serviocio S.L. Errenteriako udal kirol instalazioen kirol ustiapenaren enpresa adjudikazio-hartzaileak antolatuta, “Errenteriako I. Indoor Triatloia” burutuko da, Errenteriako Udal Kirol Patronatuaren lankidetzan.

Proba 17,00etatik aurrera egingo da eta ondorengo jarduerek osatuko dute: igeriketa: 500 metro igerilekuan, ziklismoa: 10 kilometro bizikleta estatikoan eta 2,5 kilometroko lasterketa, Fanderiako bidegorrian barrena doan zirkuitu batean. Parte-hartzaile bakoitzaren denbora guztia kalkulatzeko garaian hiru proben artean egindako atsedenak ere kontuan hartuko dira

Triatloiak hiru modalitate izango ditu: gizonezkoak, emakumezkoak eta ekipoak. Ekipoak hiru kirolarik osatuko dituzte eta proba hiru part-hartzaileen artean banatuko da, ekipoko kide bakoitza diziplina bakar batean arituko baita.

Proba hori Serviocio S.L. enpresak antolatzen duen Triatloi Indoor zirkuituaren barruan dago sartua. Guztira bost jardunaldi ditu, udalerri desberdinetan jokatzen direnak. Serviocioko Club-12ko partaideek doan parte hartu ahal izango dute, udal kirol instalazioen harpidedunek 3 euro ordainduko dituzte eta ekipo modalitatean parte hartzen dutenek, berriz, 6 euro.

Izena-emateko epea irekita dago kirol instalazioetako harreretan, Galtzarabordako Udal Kiroldegian (943.44.96.90) eta Fanderiako Udal Igerilekuetan (943.34.44.23).