Errenteriako Udalaren erakunde adierazpen soziala pentsioak eguneratu eta errebaluatzearen defentsan

2012ko azaroaren 30ean jakin genuen inflazio datua %2,9an jarri zela. Datu horrekin normalean pentsioak handitu egiten dira, pentsiodunek eros ahalmenik gal ez dezaten. Baina aurten ez da horrelakorik izango, Gobernu Zentralak erabaki baitu pentsioak ez errebaluatzea 2012ko prezioen desbideratzearen arabera.

Alde batetik, Gobernuak eten egin du pentsiodunek kobratzen duten ordainsari konpentsatzailearen ordainketa, hain zuzen ere pentsiodunei normalean urtarrilaren amaieran ematen zaiena beren pentsioak urte hasieran igo zirena (kasu honetan %1) eta prezioak igo diren kopuruaren (%2,9) arteko aldea konpentsatzeko. Eta, era berean, Gobernuak 2013an pentsioak igo ditu, baina prezioak igotzen direna baino gutxiago. Hilean 1.000 eurotik beherako pentsioak %2 igoko dira, eta gainerakoak %1, nolanahi ere, bizitzaren kostearen igoeratik, %2,9tik, urrun.

Mariano Rajoyren Gobernuaren erabaki honek dakar pentsiodun guztiek, horien artean euskal herritarrek, modu onartezinean murriztua ikusiko dutela beren errenta ahalmena, eta, ondorioz, beren bizi kalitatea.

Gure iritziz, neurri hori sekretismo handiz hartu da, hautesleei ezkutatzeko ez zirela pentsioak eguneratuko, eta horrekin batera BEZa eta beste zerga batzuk igo izana, adineko pertsonei eta pentsiodunei egiten zaien aurrekaririk gabeko eraso moduan planteatzen da eta Udal honen erantzuna behar duela kontsideratzen dugu.

Zalantza juridiko handiak daude erabaki honen konstituzionaltasunaren inguruan; izan ere, Konstituzioaren 9.3 artikuluak bermatzen du “xedapen zehatzaileen atzeraeragin eza -xedapenok banakako eskubideei begira onuragarri izan ez edo eskubideok murrizten dituztenean-”, eta pentsiodunei ordainsari konpentsatzaile hori kentzea 2012. urte osoan zehar hilabetez hilabete kontsolidatzen joan diren eskubide bat kentzea da, eta 2012. urterako Estatuaren Aurrekontu Orokorretan xedatutakoa urratzea dakar, pentsioa kobratuko zutela bermatzen baitzuten agiri horretan.

Aurreko guztia kontuan hartuta, Errenteriako Udaleko Bozeramaleen Batzordeak, Alderdi Popularrak izan ezik, ondorengo Erakunde Adierazpena onartzen du:

1.- Udalak arbuiatu egiten du Gobernu Zentralak pentsioak 2012ko prezioen desbideratzearen arabera ez errebaluatzeko hartutako erabakia, baita ordainsari konpentsatzailea ordaintzea etetekoa ere, kontuan hartu gabe Gobernu Zentralaren murrizketa berri horren eragina jasango duten pertsonen zaurgarritasun berezia.

2.- Udalak eskatu egiten die, urriaren 3ko 2/1979ko Lege Organikoaren arabera Konstituzio Auzitegiko legitimatutakoei, eta bereziki EAEko hiru zirkunskripzioetan hautetsitako diputatu eta senatariei, baita Herriaren Defendatzaileari ere, konstituziokontrakotasun-errekurtsoa aurkez dezaten Gizarte Segurantzako sistema sendotzeko eta bermatzeko neurriei buruzko azaroaren 30eko 28/2012 Errege Dekretu Legearen aurka.