Gizarte babeserako zerbitzu publikoen defentsan

Marea Laranja gizarte-zerbitzuetan aurrera eramaten ari diren murrizketen ondorioz sortutako ekimena da. Elkarrekin jardutea bilatzen du eta herritarrak eta politikoak kontzientziatu nahi ditu gizarte-zerbitzuen sistema babestearen inguruan; izan ere, murrizketekin dagoeneko iraungita zegoen benefizentzia sistemara eraman gaitzakete berriro ere.

Estatu batek ia 5,7 milioi langabetu dituenean, milaka familia egunero etxetik bota ditzaten mehatxu pean bizi direnean, eta 11 milioi pertsona baino gehiago, jasaten dituzten baldintzak direla-eta, pobreziaren atarian bizi direnean, gizarte-zerbitzu publikoak gizarte-bazterkeriaren amildegira erortzea eragotzi behar duen sarea dira.

Unión Democrática de Pensionistas-ek enkargatutako inkesta baten arabera, adineko pertsonen %40 inguruk diruz laguntzen diote senitartekoren bati, beren erretiroaren lasaitasunaren kontura.

Egoera horren aurrean, gizarte-zerbitzuak urgentziaz indartu behar dira, baina, tamalez, oraindik Luis de Guindos Ekonomia ministroaren hitzen oihartzuna entzuten da, esanez gizarte-zerbitzuak ordaintzeko dirua agortzen ari dela.

Egunetik egunera aberats eta pobreen arteko arrakala gero eta handiagoa da, eta oinarrizko gizarte-zerbitzuen sarea desmuntatzen ari dela ikusten ari gara, Mendekotasunaren Legea isilpean bertan behera geldituta. Horrek, gainera, ondorio larriak dakartza emakumeentzat, haiek direlako gehienbat sektore horretan lanean ari direnak, baita senitartekoen ardura hartu beharko dutenak ere, horiek babestuko dituen eskubiderik ez baldin badago.

Hori guztia kontuan izanda, Errenteriako Bozeramaileen Batzordeak, Alderdi Popularraren ordezkariak izan ezik, ondorengo Erakunde Adierazpena onartzen du:

Udalak bat egiten du gizarte-babeserako zerbitzu publikoak defendatzeko errebindikazioarekin, kohesio, gizarte-justizia eta aukeren eta aberastasunaren banaketarako tresna baita, eta adierazten du gizarte-prestazioetan berrinbertitzeko behar urgentea dagoela.