Donostiatik ere pauso bat gehiago Añarbeko erreserba forestalaren bidean

añarbe

Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak Errekabeltz erreserba eremua izendatzeko eskatuko Eusko Jaurlaritzari. Errekabeltz Aiako Harriko Parke Naturalean dago, eta ia 7.000 hektareako zabalera duen lur eremu horrek ingurumen babes legala lortu zuen 1995ean, dena den, ingurune natural hori babesteko urrats gehiago eman behar direla uste du Udal Gobernuak. Axier Jaka Ingurumen zinegotziak adierazi du udal taldearen helburuetako bat dela udalerriko ondare naturala babestea, eta eskaera helburu horretan kokatzen dela: “Errekabeltz mendia, 118 hektareakoa, Baso Erreserba Eremua izendatzeko eskaera egingo diogu Eusko Jaurlaritzari, izan ere, bere balio ekologikoagatik babes altuago behar duela uste dugu. Mendi hau publikoa da, eta Herri Onurako mendia izendatu zen. Guk, baina, haratago joan nahi dugu, Errenteriko udalerriko Añarbe basoarekin batera, erreserba figura izatea eskatuko dugulako, ekologikoki balio altuko edota bereziak diren eremuei ematen zaiena, eta horietan hobekuntza eta kontserbazio jarduerak besterik ez lirateke onartuko”.

Errenteriko Udalak, Aiako Harriko Parke Naturalean kokatzen den Añarbe basoa, Erreserba Eremu izendatzea eskatu zuen, orain arte baiezko erantzunik jaso ez duen eskaera ofíziala, eta aldarrikapen horretan bat egiten duela eman du jakitera Jakak. Donostiak Parke Naturalaren barruan Oberan eta Errekabeltz lursailak ditu, orotara, 202 hektarea hartzen dituztenak. Errekabeltzek balio handiko elementu ugari ditu, aipagarrienetakoa, Gipuzkoako harizti handiena dagoela bertan. Basoa Errenteriako lurretan dagoen basoaren jarraipena da eta horrekin unitate ekologiko bera osatzen duela zehaztu du Jakak: “Hori dela eta, beharrezkotzat jotzen da kudeaketa eta maila berdina izatea, izan ere, habitatei dagokionez, Errekabeltz eta Añarben haritzez osatutako harizti azidofiloak ditugu, pagadiekin tarkekatuak, eta neurri txikiagoan txilardiak, eta beste zenbait habitat. Eta ingurune horietan animali espezie ugari bizi dira: okil beltza, kukulumera, eta seguraski piriniar muturluzea bezala. Errekabeltz baso erreserba izendatzearen garrantzia, beraz, agerikoa da”

Añarbeko Basoa balioan jartzeko kanpaina bat abiatuk dute udaberriak Donostiako eta Errenteriako Udalek eta Añarbeko Uren Mankomunitateak. Nora Galparsoro, azken erakunde honetako presidenteak, urrats hori ematearen garrantziaz mintzatu da: “Donostiako Udal Gobernuaren eskaera honekin bat egiten dudala adierazi nahi dut, begi onez ikusten baitut Errekabeltz Erreserba Eremu izendatzea. Añarbeko Erreserbak guztira mila hektarea lur ditu eta, dakizuen bezala, urtegiaren azalera inguratzen du, eta urtegira doazen ibaien goi-ibarrak baso horietan daude. Donostiar guztien etxeetan daukagun uraren jatorria urtegia da, beraz, bertako uraren kalitateak gure osasunean ere eragin zuzena dauka”. Añaberko Basoa Kontserbazio Aktiboko kalifikazioa daukala adierazi du presidenteak, eta eremu horrek maila altugoko kalifikazio bat ematearen garrantzia nabarmendu du.