Francesco Tonucciri buruzko formazio saio irekirako deia

irrien lagunak oarsoaldea

Maiatzaren 10ean eta 11n, haurren parte-hartzea sustatzeko esperientzien inguruko jardunaldiak egingo dira Donostian. Haurren heziketan eta euskararen normalizazioan diharduten hainbat eragilek antolatu dituzte jardunaldiok, tartean da gure eskualdea.

Jardunaldi horien lehenengo egunean, gaiaren oinarri teorikoaz Francesco Tonucci psikopedagogo eta marrazkilari italiarra jardungo da eta gainerako hitzaldietan Euskal Herrian gauzatu diren edota egun gauzatzen ari diren esperientziak ezagutuko ditugu.

Francesco Tonucci Italiako Fano hirian sortutako psikopedagogo ezagun bat da. Ezaguna da batez ere “Haurren hiria” izeneko bere liburua. Helduentzako pentsatu eta egindako hirien degradazioari aurre egiteko, hiriak haurren ikuspuntutik berreraikitzeko eta antolatzeko proposamena egiten du, haurrek hiriaren gobernuan parte hartuz.

Tonucciren lana ongi ezagutzen duen aditu batek bi ordu inguruko hurbilpen saioa eskainiko du.

  • Eguna: 2013-3-16
  • Ordua: 11:00etatik 13:00etara
  • Lekua: Trintxerpeko Alkateordetzako aretoan (Euskadi etorbidea -azokaren ondoan-)

Haurren parte-hartze prozesuen inguruan interesa duten guztientzako irekia izango da saioa.

Bestalde, zuetako batzuk umeekin etortzeko aukeraz galdetu diguzue eta, behar hori baliatuz, haur eta heldu, elkarrekin bilduz, lan egiteko modu berriak frogatzera ausartu nahi genuke, hori ere landu behar baitu Irrien Lagunen proiektu honek. Saioaren zati batzuk, bederen, batera arituko ginateke eta beste tarte batean helduak bilduko gara gure aldetik eta umeei jolasteko aukera eskainiko diegu. Horregatik, zuen seme-alabekin etortzeko aukera eskaini nahi dizuegu.

Hori bai, saioa ondo antolatzeko etxe bakoitzetik zenbat etorriko zareten aurretik jakinarazteko eskatu nahi dizuegu. Ostegun gauerako zuen erantzunak jaso nahi genituzke, hala, ostiralean, zenbat pertsona izango garen eta horietatik zenbat ume bilduko liratekeen jakinda, saioa ondo antolatzeko aukera izango genuke. Zuen haurren adinak ere jakinarazi, mesedez, bidaltzen diguzuen mezuan.

  • Helduak (izen-abizenak):
  • Haurrak (izen-abizenak):
  • Haurren adina:

Horixe ba, animatu! haurrek eta helduok elkarrekin ikasteko aukera eskainiko digu-eta larunbateko saioak.

Larunbatera arte.

Irrien laguna

e-maila: euskara@errenteria.net