Julen Mendoza Alkateak Korrikan parte hartzera animatu nahi ditu errenteriarrak

Korrikaren 18. edizioaren harira, Julen Mendoza Errenteriako Alkateak honako hitzak helarazi nahi izan dizkie herritarrei:

Hemezortzigarrenez, ari da Korrika Euskal Herria zeharkatzen. Hamar egunetan zehar, bi mila kilometro baino gehiago egingo ditu euskararen alde, adin eta mota guztietako korrikalariekin. Gau eta egun gelditu gabe.

AEKk antolatzen duen lasterketa erraldoiak “Eman euskara elkarri” mezua zabaldu du edizio honetan eta nik ere, bat egin nahi dut leloarekin; izan ere, euskarak, herritarrok elkarrekin bizitzeko hizkuntza izan behar duela sinisten dut. Guztiona da euskara eta denok gara, beraz, eman, hartu eta elkarbanatzearen erantzule.

Igandeko ordu txikitan sartuko da Korrika, gurera, Errenteriara. Goizaldeko 00:55ak aldera jasoko dugu Lezoko bizilagunen lekukoa eta lerro hauen bidez, euskararen oihartzuna ozen entzun dadin, Korrikak herriko kaleetan zehar egingo duen ibilbidean parte hartzera animatu nahi ditut errenteriar guztiak.

Eman euskara Errenteriari!

Julen Mendoza, Errenteriako Alkatea