Hondakinei buruzko mahai-inguruen balorazio positiboa egin dute antolatzaileek

Jornadas residuos_Sala Reina

Gaiak partaidetza gehiago eskatzen bazuen ere, hondakinei eskainitako mahai-inguruak oso positiboak izan direla adierazi dute antolatzaileek.

Errenteriako Ingurumen Aholku Kontseiluko Hondakinen Taldeak antolatuta, asteazkenean Reina Aretoan ospatu zen hondakinak hizpide izan zituen mahai-ingurua. Mikel Azkarate moderatzaile lanak burutu zituen, banan-banan, Olatz Peoni (Gipuzkoa Garbiako ordezkaria) eta Ainhoa Arrozpideri (Gipuzkoa Zero Zaborreko ordezkaria), galdera zehatzak eginez.

Bai alde batekoek zein bestekoek puntu amankomunak dituztela agerian jarri zuten Reina Aretoan zein Beraunen egin diren saioetan; ezadostasun nagusiak puntu horietara nola heldu zehaztea dela jakinarazi zieten bertaratutakoei. Hondakinen Taldeko kideek mahi-inguru hauen helburua, arazoa modu argian gizarteratzeaz gain, gaur egun kontrajarriak diruditen bi ikuspegi horietatik ideia positiboak jaso eta Errenteriarako baliagarri dena erabiltzea dela azpimarratu dute.

Dagoeneko hainbat urrats eman ditu Hondakinen Taldeak abian jarri zenetik. Urtarrilean auzoetan egindako bilerak eta mahai-inguru hauek, herritarrekin hondakinen arazoa partekatzeko, elkarrekin ikasteko eta erantzun bateratu bat emateko pausuak direla adierazi dute. Aurki, auzoetako bigarren saioak aurkeztuko dituztela aurreratu dute, aurreko bileretako ekarpenak eta azken hilabeteetan egindako hausnarketaren ondorio diren Errenteriako hondakinen sorrera eta bilketa hobetzeko irizpideak bizilagunekin partekatzeko.

Antolatzaileek, gainera, biziki eskertzen dute moderatzailearen abilezia eta bi hizlarien prestutasuna. Era berean, bai Beraunen zein erdigunean ospatu dituzten saioetara hurbildutako pertsonei zein Ezker Anitza, Bildu eta PSOEko udal-zinegotziei eskerrak eman nahi dizkiete agertu duten interesarengatik. Era berean, hemendik aurrera emango diren pausuetan, gaiak duen garrantzia izanik, partaidetza aktibatu eta sendotzeko eskatzen diete Errenteriako biztanleei.