Irrien Lagunak Oarsoaldean: umeen ametsak gauzatzeko lehen saioaren eta kafe tertuliaren bideoa

Pasa den matxoaren 1ean, Irrien Lagunak Oarsoaldean taldeak umeen ametsak gauzatzeko lehen saioa eta helduen kafe tertulia antolatu zituen Merkatuzarren.

Guztira, 40 izan ziren gerturatutako helduak; haurrak, berriz, 120 inguru.

Kafe-tertulian, sei-zazpi laguneko taldeak osatu eta lau mahaitan kokarazi ziren. Mahai bakoitzean galdera bat zegoen hausnarketarako eta baita idazkari bat ere ekarpenak jasotzeko. Hamar minutuko tartea eman zitzaien eztabaidarako, hurrengo mahaira igaro aurretik, eta horrela denak lau mahaietatik igaro arte.

Bien bitartean pareta zikinak koloreztatzeko proposamena landu zuten haurrek. Umeek iazko parte hartze prozesuan proposatu zituzten ametsetatik tiraka, “pareta zikinak koloreztatzea” helburu zuena aukeratu zuten antolatzaileek. Saioaren xedea umeek paretak ikusi, eta bertan zer marraztu proposatu, eztabaidatu eta adostea zen, dena eskulan eta jolasaren bidez.

Saioa bukatzeko, bertaratutako guztiek, Kabia Txikiren bideoa ikusteko aukera izan zuten eta baita flashmobaren bideoa ere.