Madalenetako omendua zein izango den proposatu dezakete herritarrek maiatzaren 24a arte

20120705_180128[1]

Urtero bezala, Errenteriako Udalak pertsona edo elkarte bat omenduko du Madalenetan. Proposamenak, hala ere, errenteriar guztiek egin ditzakete, maiatzaren 24a arte. Horretarako, idatzi bat aurkeztu beharko dute Udaletxeko erregistroan, pertsona edo elkartearen izena eta omendua izateko arrazoiak azalduz.

Omenduak 2013ko Madalenei hasiera emango dien txupinazoa jaurtitzeko ohorea izango du eta intsignia bat jasoko du uztailaren 22an, Madalena egunean. Gainera, Udalak jaietan antolatutako ekitaldi instituzionaletan leku berezia izango du gordeta, hala nahi izanez gero.

 Jai Batzordea

Bestalde, ostiralean, hilaren 3,  izan zen Madalenetako Jai Batzordearen hirugarren bilera. 24 elkarte bildu ziren bertan Udalak jaiei begira banatuko dituen diru laguntzen gainean jarduteko. Irune Balentziaga Kultura zinegotziak iaz banaketarako erabilitako irizpideak azaldu zituen eta orokorrean, aurtengorako ere, berauek onartu zituzten.

Madalenetako egitarauaz ere aritu ziren eta proposamen zehatzak aurkeztu zituzten: Oarsoaldeko Irrien lagunak taldeak haurrei zuzendutako ekimena azaldu zuen eta Behemendi baserritarren produktuen azoka jartzea ere proposatu zuten. Musikaz arduratzen den taldeak, bestetik, egitarau zabala jarri zuen mahai gainean.

Gainera, Madalenetarako marka-irudi bat sortzea adostu zuen Jai Batzordeak eta horretarako lehiaketa antolatuko dutela erabaki zuten.

Jai Batzordearen hurrengo bilkura ekainaren 7an izango da, Merkatuzarren, 19:00etan.

 

(Irudian iazko Madalenak 2012ko omenduak)