Irrien Lagunek Tonucciri oparituko dioten liburua erakutsi diote Julen Mendoza alkateari

Oarsoaldeko Irrien Lagunen haur talde batek nolako herria nahiko lukeen azaldu dio Julen Mendoza Errenteriako alkateari gaur goizean. Orereta ikastolatik etorri den haur taldeak koloretako tximeletak, belardiak, mendiak eta ortzadarrak eskatu dizkio alkateari. Baina soberan dauden gauzak ere aipatu dizkiote, izan ere, txakur kaka eta kotxe gehiegi ikusten dituzte herriko kaleetan.

Pleno Aretoan aurkeztu dituzten eskariak “Herri hezitzailea, eskola herritarra” jardunaldietan parte hartuko duen Francesco Tonucci pedagogo italiarrari emango dioten artista-liburu batean batu dituzte eta bilduma horixe izan da Mendozari erakutsi diotena. Udaletxean ere laburpen bat utzi dute beren ideiak kontuan har daitezen.

Tonuccirentzako liburua_2

“Herri hezitzailea, eskola herritarra”

Maiatzaren 10 eta 11n “Herri hezitzailea, eskola herritarra” jardunaldiak egingo dira Donostiako Kursaal jauregian eta Tonucci izango da gonbidatu berezia bertan. Frato goitinez ezaguna den komiki-egilea Haurren hiria proposamenarekin egin da ezagun eta Oarsoaldeko Irrien Lagunak hari begira jarri ziren umeen parte-hartze zuzena lantzen hasi zirenean.

Jardunaldietan hiri ereduak haurren heziketan zer-nolako eragina duen hausnartuko dute eta haurrak kalean jolastu, bizi eta hezi ahal izateko bestelako herri eredu baten aldeko urratsak nola eman litezkeen pentsatuko dute.

Ekitaldiak ematen duen aukera baliatuz, Tonucci Pasaiako badia ezagutzera ekarriko dute larunbat arratsaldean eta bertan emango diote Errenteriako Irrien Laguneko haurrek gaur Julen Mendoza alkateari erakutsi dioten artista-liburua.

 Tonuccirentzako liburua_3