Errenteria eta Schorndorfen arteko senidetzearen berri eman du Julen Mendozak

Julen MendozaLarunbatean, hilaren 11, Errenteria eta Schorndorf herrien arteko senidetzea gauzatuko dela-eta, ondorengo hitzak zabaldu nahi izan ditu Julen Mendoza Errenteriako Alkateak:

Asteburu honetan Schorndorf alemaniar herriko lagunak etorriko dira Errenteriara, bi udalerrien arteko senidetzea izenpetzera.

Iaz, udal-ordezkaritza batek lagunduta, Alemaniara bidaia egin genuen, bertan, senidetze protokoloa sinatzeko. Orain, urtebete geroago, ohore handia da niretzat, Schorndorfeko adiskideak gure herrian hartu eta akordio hartan idatziz utzi genuena gauzatu ahal izatea.

Kultura eta herrien arteko harremanean sinesten dugu eta hori da, hain zuzen, senidetzearen bidez lortu nahi duguna: errespetuan oinarrituko den pertsonen arteko erlazioa eta lotura kulturalak sustatzea baina baita elkartasun sentimendu estua mantentzea ere.

Horregatik, gure artean pasako dituzten egunetan gure herria erakutsiko diegu eta gertutik biziko dituzte gure ohiturak.

Hau horrela, senidetze-sinadura ekitaldia larunbatean egingo dugu, arratsaldeko 20:00etatik aurrera Merkatuzarren. Beraz, herritar guztiak gonbidatu nahi ditut ekitaldi horretan parte hartu dezaten.

Hartu-eman hau, errenteriar guztientzat ere aberasgarria izango dela uste dut.

Julen Mendoza, Errenteriako Alkatea