Hondakinen taldeak azken hilabetetan egindako lanen ondorioak aurkeztuko ditu auzoetan

Hondakinen taldea2012. urrian sortu zen Errenteriako Ingurumen Aholku Kontseiluaren Hondakinen Taldea eta lanean daramatzaten hilabete hauetan, hamaika bilera egin, hitzaldiak antolatu, beste herrietako esperientziak ezagutu eta, euren kezka zein asmoak Errenteriako auzo guztietara eraman dituzte.

Taldekideen esanetan, 7 hilabeteren ostean, hasierako ondorio nagusi berera iritsi dira: “hondakinak Errenterian benetako arazoa direla”, alegia.

Egungo egoera horri aurre egiteko, taldean sortutako hausnarketa prozesutik zenbait proposamen atera dituzte eta hobekuntzarako irizpide hauek herritarren artean partekatzeko, urtarrilean egin zuten moduan, maiatzean ere, bilera ezberdinak egingo dituzte herriko auzoetan.

Honela, maiatzaren 16an izango dira lehengo bilkurak Iztietako Gurekin eta Agustinetako Agustintxo Auzo Elkarteetan. Gero etorriko dira Beraun, Galtzaraborda eta Igantziko bizilagunentzat Koldo Mitxelena Institutuan egingo dena, maiatzaren 21ean, eta Alabergako Alaberga-Arditurri Auzo Elkartekoa maiatzaren 22an. Bilera guztiak 19:30ean izango dira.

Hondakinen taldeko kideek aurkeztu nahi duten proposamena, herritar guztion artean eraikitakoa izatea nahiko lukete eta horregatik, informazio-saio hauetan parte hartzera gonbidatu nahi dituzte errenteriar guztiak.

Interesa duen edonork bere ekarpenak edo kezkak helaraz diezazkioke Hondakinen Taldearen hondakinakIAK@googlegroups.com helbidera mezu bat bidaliz.