Poesiaz gozatzeko uneak eskainiko ditu Mikelazulok maiatza eta ekainean

poesia uneak “Poesia uneak” ekimena antolatu du Mikelazuko Kultur Elkarteak maiatza eta ekainerako. Izan ere, tradizio handia izan dute bere ibilbidean poesiak eta literaturak, eta aurtengo udaberrian lau ekitaldirekin osatu dute eskaintza, batez ere poesia oinarri hartuta.

Emakumeen begiradak plazara errezitaldiarekin ekingo diote egitarauari. Larunbatean izango da hori, hilaren 18an, arratsaldeko 19:30etan, Mikelazulon eta bertan Miren Agur Meabe, Castillo Suarez eta Arantxa Santesteban poetek eta Arantxa Vicedo abeslariak hartuko dute parte.

Saioan, gainera, Euskal Herritik, Kataluniatik, Madridetik, Galiziatik, Andaluziatik edo Logroñotik jasotako 40 emakumezko olerkariren poemak aurkeztuko dituzte eta Greziako poesiari ere arreta berezia eskainiko diote.

“Ekitaldi honetan bere begirada propioa lantzen saiatzen diren poetak” bildu nahi izan dituztela azpimarratu dute antolatzaileek.

Egitarau osoa:

  • Maiatzaren 18an, 19:30ean: Emakumeen begiradak plazara errezitaldia.
  • Maiatzaren 26an, 19:00etan: Edipotoa emanaldia eta Maà taldearen kontzertua.
  • Ekainaren 6an, 19:30ean: Ataramiñe elkarteko kideen errezitaldia.
  • Ekainaren 7an, 20:30ean: Hedoi Etxarte eta Oier Guillanen errezitaldia.