Otxoteen kantuek hartuko dute Errenteria igandean

066 Cartel  2013_500x707Garai bateko ohiturak mantentzearen aldeko saiakeran, hirugarrenez antolatu du Niessen Elkarteak “Errenteria Hiria Otxote Topaketa”. Igandean izango da hori, maiatzaren 26an.

Aurtengo edizioa pasa den urtean zendu zen Felixi, Adurizeko okinari, egindako omenaldi gisa aurkeztu dute antolatzaileek gaur goizean: “Doinu herrikoien abeslari handia izan zen Felix eta horrela gogoratzen dugu denok”.

Iaz bezala, aurten ere herri ezberdinetatik etorriko diren 6 talde arituko dira topaketan: Baionako Aizkoa, Donostiako Ertizka, Errenteriako Karnaba, Bilboko Lur Maitea, Irungo Nayade eta Arrasateko Txorbela. Nayade taldearen parte-hartzearekin, gainera, berritasun bat gehitu diote antolatzaileek kartelari, izan ere, lehenengoz arituko baita emakume ahotsez soilik osatutako talde bat abesten.

Ibilaldia tabernaz taberna eta kontzertua

Egitaraua bitan bereizi dute. Hala, goizean, 12:45etik 14:15era, Leku-zarra, Batzoki, De Cyne Reyna, Desira, Juli eta Maite tabernetan zehar ibiliko dira otxoteak. Arratsaldean, berriz, Felixi omenaldi “formala” egingo diote, talde guztiek 18:00etatik aurrera Errenteria Hiria Kulturgunean eskainiko duten kontzertuan.

Niessen Elkarteko kideek errenteriar guztiak gonbidatu nahi dituzte antolatutako emanaldietan parte hartzera eta bide batez, kontzertuaren sarreara doakoa dela ere gogorarazi dute.