Ferradas Oiartzun ibaiaren habitat naturalen alde agertu da

ferraGabierrotako ahateen inguruan sortu den kezkaren aurrean, Jose Manuel Ferradas Ingurumen zinegotziak ondorengo idatzia hedatu nahi izan du:

Errenterian gure ibaiaren inguruko habitat naturalen aldeko apustua egiten dugu.

Fauna orokorrean autonomoa da eta ez du gizakion beharrik biziraupenerako, berezko gaitasun eta sena ditu bere kabuz elikatzeko eta baita ugaltzeko ere. Ahate zein antzaren elikadura, zehazki, ibaiaetan aurkitzen duten uretako landarerian oinarritzen da, Gabierrota eta Fanderiako habitatean aurki daitekeena. Elikadura artifizialak, aldiz, espezie hauen kontrol gabeko ugalketa ekarri du eta ibaiaren ibilgua inbaditu dute beste espezie batzuk kaltetuz.

1996. urtean dagoeneko Aldundiaren Fauna eta Flora Basatiaren Zerbitzuak hegazti hauen populazioa kontrolatzeko eta murrizteko eskaera egin zion Udalari, izan ere, orduan, ez zituen natura zaintzearen aldeko legeak betetzen.

Auzo Elkarte eta partikularrek ere, behin eta berriz eskatu diote Udalari ahate eta antzarei ematen zaien janariaren ondorioz sortutako higiene-arazo eta arratoiekin buka dezan. Horixe da jarritako kartelen helburua: gizarte eta ingurunearen sentsibilizazioan eragitea.

Uraren kalitatea berreskuratzearekin batera, Oiartzun ibaira hainbat espezie basati bueltatu dira: amuarraina, izokina, aingira, platuxa latza, uretako gallineta, martin arrantzalea edo kaio mota ezberdinak. Gainera, negu garaian, hegazti migratzaile askok ere bisita egiten hasi zaizkigu: ubarroia, lertxun hauskara edo lertxuntxoa kasu. Eta hauxe da, ibaiaren pixkanakako berreskuratzearen ondoren, berezko prozesuek marraztu duten egoera.

Horregatik, ahate nahiz antzaren presentzia artifiziala habitat eta uraren kalitate hobea duen ibaiarekin bateragarria ez dela ulertu behar dugu. Hau dela eta, ibaiak berezkoa duen elikaduraren araberako hegazti-populazioaren autorregulazioa egitea beharrekoa da, izan ere, horrela erraztuko baitugu bere ezaugarriak erritmo onean hobetzen doazen gure ibaira ohiko espezieen itzulera.

Jose Manuel Ferradas, Mendi eta Ingurumen zinegotzia