San Markoko zabortegiaren behin betiko itxierarako lanak hasteko baimena eman du Udalak

San Marko itxiera_agerraldia_800x600

Errenteriako Udalak baimena eman du, jada, San Markoko Zabortegiaren itxieraren bigarren faseari dagozkion obrak hasteko. Hori azaldu zuten atzo Luisma Diez Hirigintza zinegotziak, Jose Manuel Ferradas Ingurumen zinegotziak eta Julen Medoza alkateak.

Diezek azaldu zuen martxoaren 6an jaso zutela proiektuaren obra lizentzia eskaera eta udalak maiatzaren 14an eskaini duela lanak hasteko baimena: “Honek suposatzen du 6 hilabeteko epean, gehienez jota, lanei ekin behar zaiela”. Bigarrena eta azkena den fase honetarako lanek 18 hilabeteko iraupena izango dutela aurreikusten dute.

Fase hau, era berean, hiru etapatan banatuko dela argitu zuen Diezek: lehenengoan drenaia eta desgasifikazioa egingo dute, bigarrenean lurpean dagoen masa mugituko dute eta hirugarrenaren helburua finkatzea eta jarraipena izango dira. Honekin bukatutzat emango da zabortegiaren itxiera eta ondoren, datozen urtetan, egindakoaren gaineko kontrola egin beharko da.

Rivas-Vaciamadrid eredu

Ferradasek adierazi zuen datorren ekainaren 5ean, Ingurumenaren Egunarekin bat eginez, zabortegiaren itxierari buruzko informazioa herritarrei emateko hitzaldia antolatu dutela. Hitzaldian Julen Mendoza Errenteriako alkateak eta Madrideko Rivas-Vaciamadrid herriko Ingurumen arduraduna den Jorge Romeak hartuko dute parte. Koldo Mitxelena Institutuan izango da hori arratsaldeko 19:30ean.

Rivas-Vaciamadrid 70.000 biztanle dituen hiria da eta bertan kokatzen zen zabortegiak, Madrideko handiena izanagatik ere, “itxiera eredugarria” izan dela azaldu Ferradasek.

Mendozak, bestalde, argitu nahi izan zuen Udalak inongo momentutan ez duela zabortegia berriro ere irekitzeko asmorik izan eta urgentziazko trataera eman zaiola obra lizentzia eskaintzerakoan, izan ere, “helburua lanak ahalik eta azkarren hasi eta bukatzea da”.

Udalak bere konpromisoa berretsi du: “Lau Haizeta parkea sortu nahi dugu zabortegiak hartzen dituen lurretan, eremu berde bilakatu nahi dugu”.

 Zabortegiak ixtea_kartela_500x702