Nabarmen jaitsi zen 2012an Udaltzaingoak jarritako trafiko isun kopurua

Udaltzaingoaren memoriaErrenteriako Udaltzaingoak 2012ko memoria osatu du eta Udal Gobernuak hainbat datu adierazgarri azpimarratu nahi izan ditu bertatik.

Telefono bidezko Koordinazio Zentroan jasotako deiak eta udaltzain guztien artean egindako patruilak kontuan hartuta, guztira 14.133 esku-hartze egin zituen Udaltzaingoak iaz. Guztien artean, “aipagarria da, trafiko istripu zein harrapatze kopuruak 2004tik aurkeztutako baxuenak izatea, %30 eta %22 gutxiago hurrenez hurren”.

Salaketa administratiboiei dagokionez, guztira 7755 izan ziren 2012an egindakoak. Atal honetan barneratzen dira, besteak beste, zirkulazio salaketak, eta memoriak adierazten duenari jarraiki, azken 7 urteak kontuan hartuta, salaketa gutxien izan ziren iaz. Era berean, bideratutako TAO salaketak eta era ezegokian aparkatzeagatik jarritakoak ere 2004tik nabarmen jaitsi direla jakinarazi du Udaltzaingoak: %46 gutxiago TAO salaketen kasuan eta %62 gutxiago ibilgailua gaizki uztearen kasuan. Beste horrenbeste gertatu zen garabiak erretiratutako ibilgailuekin ere; guztira 1821 ibilgailu baztertu zituzten; aurreko urtean baino %26 gutxiago.

Bestalde, Trafiko Departamentuak ikastetxeetan ibilgailu pribatuaren erabilera saihesteko sentsibilizazio kanpaina bat burutzeko txostena aurkeztu du. Era berean, eta ikastetxeekin batera, “Eskola Bidea” experientzia aurrera eramateko baldintzak betetzen diren aztertzen ari dira.

Datu hauek guztiak bat datoz Gobernu Taldeak sortu nahi duen udaltzain eredu berriarekin; izan ere, zerbitzua herritarrengana hurbiltzea eta kalitatea hobetzea da asmoa, eta heziketa eta kontzientziazioaren bidez, arazoei aurre egitera.