Jai Batzordeak ia prest dauka Madalenetarako egitaraua

Jai Batzordea_ekainak 7Beste behin, Errenteriako gizarte eragileen ordezkaritza zabala bildu zen pasa den ostiraleko Madalenetako Jai Batzordearen bilkuran.

Irune Balentziaga Kultura zinegotziak bertaratutakoei ongietorria egitearekin batera, gai ordenaren berri eman zuen eta horri jarraituz, musika eskaintzaz aritu ziren, lehendabizi, parte-hartzaileak. Gai honen gaineko ardura duen taldeko kideek publiko zabalari bideratutako egitaraua aurkeztu zuten egunez egun eta ohikoa denez, herriko hainbat gune agertoki gisa erabiliko dituztela adierazi zuten: Txosna-gunean rock taldeak arituko dira batez ere, Zumardian dantzaldia eta Djak egongo dira besteak beste, Xabier Olaskoaga plazan euskal kantari baten doinuak izango dira entzungai egun batean eta herriko kaleetan zehar, ohikoak diren txaranga eta dultzaineroak ibiliko dira jai giroa pizten. Foru plazan, Euskal-gunean eta Gernika plazan ere izango da zer entzun.

Honekin batera, Balentziagak egunero, gutxienez, errenteriar talde batek parte hartuko duela azpimarratu nahi izan zuen eta horrela “herritarroi euren lana erakusteko aukera izango dute”.

Egitarau osoaren zirriborroa jada prest dagoela ere azaldu zuen Kultura zinegotziak eta ekintzaren bat prestatu duten talde guztiei bidali dietela, behar izanez gero, bertan zuzenketak egin ditzaten.

Bukatzeko, Maite Blanco udal Berdintasun teknikariak Oarsoaldeko Udalek jai giroan parekidetasuna sustatzeko aukeratu duten logoa erakutsi zuen eta izan ditzakeen erabilpenez mintzatu zen.

Hurrengo bilera ekainaren 21ean izango da, 19:00etan, Merkatuzarren. Egun horretan iazko ekintzen jarraipena egin zuen taldearen proposamenak eta balorazioak mahai gainean jarriko dituzte eta Jai Batzordeak deitutako Madalenetarako logo lehiaketara aurkeztutako lanen artean herriko jaien marka izango dena aukeratuko dute.

Honakoak dira bilkuran parte hartu zuten eragileak:

Beti Prest, Telleri, Eureka, Amulleta, E.M.T.E, Fomento Cultural,Concha Rociera, Bi-errota, Txepetxa, Errenteriako Emakumeen Taldea, Madalenak Parade, Txosna Batzordea, Miauka, Euskal gunea, Niessen, Txintxarri, Batasuna, Dultzaineroak, San Huberto eta Aitzbitarteko lagunak.