Lekuonan gauzatu nahi duten proiektuarentzako ereduak ezagutu dituzte Mendozak eta Lopez de Etxezarretak Bartzelonan

Mercat de las flors_ argazkiaJulen Mendoza Errenteriako Alkateak eta Garazi Lopez de Etxezarreta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendariak Bartzelonara bidaia egin dute, Jon Maya dantzari eta koreografoak lagunduta, “Mercats de las flors”, “El Graner” eta “Fabra i Coats” proiektuak gertutik ezagutzeko. Hiru egitasmo hauek Udalak Lekuonan gauzatu nahi duen proiektuarentzako interesgarriak izan daitezkeelakoan, izan ere, erreferente baitira dantza eta sorkuntzari dagokionean.

“Mercat de las Flors”eko egungo zuzendaria eta proiektuaren sustatzailea den Francesc Casadesusekin bildu dira lehendabizi. Gune hau 1985an jaio zen Udal Antzoki gisa eta egun, erreferentziazko zentroa da dantza eta mugimenduari lotutako arteen ikerketan, produkzioan, sorkuntzan eta hedapenean. Garai batean biltegi bat izandako eraikinean kokatzen den antzokiak 300 bat ikuskizun proiektatzen ditu urtean. Bartzelonan ikusle kopuru handiena lortu duen antzokia da.

Honekin batera, nabarmentzekoa da Casadesus Europako Dantza Etxeeen Sarearen (European Dancehouse Network) sortzaileetako bat dela. Sare honek dantzarien garapen profesionala eta dantza bera arte adierazpen gisa sustatzeaz gain dantzarako instalazio egokiak bideratzea du helburu. Hau horrela, Alkateak eta Aldundiko Kultura Zuzendariak interesa agertu dute sare honekiko. 25 dantza etxe eta proiektu biltzen ditu sare honek, Europan zehar banatuak daudenak eta “Mercats de las Flors” da Estatu Espainiarreko kide bakarra. Francesc Casadesusek ere interes handia erakutsi du Mendoza eta Lopez de Etxezarretak aurkeztu dioten Lekuona proiektuaren inguruan, elkarlanerako gunea izan daitekeelako.

Sorkuntza fabrikak

Ondoren, “Mercats de las Flors”i atxikitzen zaion “El Graner” proiektua ezagutu dute bertako koordintzailea den Cristina Alonsoren eskutik. Dantza eta mugimenduari lotutako egonaldi artistikoak egiten diren zentroa da hau eta Bartzelonako Udalaren “Sorkuntza Fabrikak” programaren parte da. Bereziki interesgarria eta baliagarria suertatu zaie bixita hau, sortzaileek Lekuonan izan ditzaketen beharrak zeintzuk diren erakutsi dielako. Behar minimoetara egokitutako instalakuntza honek urtean 45 konpainia eta 6500 profesional jasotzen ditu. Era berean, Zona Franca auzoan erabat txertatuta dagoen proiektua da, sorkuntza prozesuak hezkuntza eta pedagogia proiektuen bitartez auzotarrekin partekatzen baitira.

Azkenik, “Fabra i Coats” sorkuntza fabrika bisitatu dute. Sorkuntza artistikoan laguntza eskaintzea du helburu fabrika honek eta arte eszeniko, musika, arte plastiko zein bisual eta multimedia kreazioen alorrean lan egiteko espazioak barne hartzen ditu. Gainera, esparru eta jarduera ezberdinetako kolektibo eta sortzaileen topalekua ere bada. Bartzelonako Udalaren “Sorkuntza Fabrikak” programan barneratzen da hau ere.

Bestetik, bidaia honek bat egiten du astartean Udalbatzaren Ezohiko Osoko Bilkuran jorratu zuten gaiarekin, izan ere, Errenteriako kultur-ekipamenduak antolatzeari buruzko PSE-EEk aurkeztutako mozioa izan zuten udal ordazkariek eztabaidagai. Bertan udalbatzako gehiengoak Dantzagunearen eta hau Lekuonan kokatzearen aldeko jarrera erakutsi zuen.