Diez eta Txasko zinegotziek peatonalizazio proposamena aurkeztu zuten

Peatonalizazio proposamenaAsteazken arratsaldean, Luisma Diez eta Jon Txasko, Hirigintza eta Trafiko ziegotziek, hurrenez hurren, asteburu eta jai egunetan erdigunearen peatonalizazio proposamena aurkeztu zueten Reina Aretoan.

Diezek ongietorria egin zien bertaratutakoei, guztira 50 pertsona baino gehiago, eta proposamenaren helburua oinezkoentzako eremu gehiago lortzea izanik, egitasmo irekia dela azalduz hasi zen. Gainera, berau osatzeko sektore ezberdinak hartu direla kontuan aipatu zuen ere: ostalaritza, merkatariak eta baita bertako bizilagunak ere.

Txaskok trafikoari eragiten dion plana aurkeztu zuen ondoren. Plano batek lagunduta, proposamenean bi zona bereizten direla adierazi zuen: Viteri kalean trafikoa eteteaz gain, bertan aparkatuta dauden ibilgailuak kendu beharko dira. Alfonso XI, Xenpelar, Morrongileta eta Maria de Lezo kaleak, berriz, trafikoari itxita egongo dira baina kotxeak aparkatuta mantendu ahal izango dira.

Jarraian, peatonalizazioak zein ordutegiri eragingo dion jakinarazi zuen: larunbatetan 12:00etatik 22:00etara eta igande eta jai egunetan 10:00etatik 22:00etara. Honekin batera, zona hauetako garajeetara heltzeko inongo arazorik egongo ez dela adierazi zuen “kasu hauetan, Madalenetan ezartzen den araudi bera aplikatuko baita”.

Hirigintza-proiektua ere

Gero, peatonalizazioak ekarriko duen hirigintza-proiektua azaldu zuen Diezek: “ideia espaloitik espaloira plataforma bat egitea da, eta etorkizunean, Pontikako eta Zumardiko zatiak lotuko dituen bidegorria ere egitea planteatu liteke”. Hala ere, Biteri kalea asfaltatu aurretik, kable-sarearekin eta estolda-zuloekin lurpean dauden arazoak konpontzea beharrezkoa dela nabarmendu zuen.

Bertaratutakoak, orokorrean, proposamenaren alde agertu ziren baina, batez ere, trafiko dentsitatean eta ibilgailuak aparkatzerakoan peatonalizazioak eragingo dituen arazoak kontuan har ditzaten eskatu zieten zinegotziei.

Planaren proba uztailean jarriko da abian, Madalenak baino lehen.