Irailean ekingo diote zaharren egoitzako leihateak aldatzeko bigarren faseari

Zaharren egoitza

Irailaren hasieran ekingo diote Gabierrotako Jesusen Bihotza Zaharren Egoitzako logela eta aretoetako leihateak aldatzeko proiektuaren bigarren faseari. Fase honen aurrekontua 68.000 eurokoa da.

Proiektua egoitzan bizi diren pertsonek egindako eskaera bati erantzunez abiatu zen eta 130.000 euroko kostua izango du, bere osotasunean. Gainera,  Ente Vasco de la Energia-k deitutako “Energia aurrezkia eta eraginkortasuna” Laguntza Programaren barruan barneratuta dago. Lehendabiziko fasea 2012ko apirilean amaitu dute, 62.000 euroko kostuarekin, eta gastuaren parte bat EVEk diruz lagundu du.

Aldaketa honek eraikinaren estankotasunari eta eraginkortasunari dagokionez ekarri dituen onurez gain, adinekoen erosotasunean ere hobekuntza handia suposatu du. Izan ere, eta arduradunek adierazi dutenez, “ instalazioaren antzinatasuna dela eta, orain arteko leihateek, arazoak sortzen zituzten airea pasatzen uzten zutelako eta hezetasuna sortzen zelako, besteak beste”.

Orain, bigarren fase hau, diru laguntza ematearen zain dago.