Madalenetako programa aurkeztu dute udalbatzako kideek

Programaren aurpezpena_korporazioaAlderdi politiko guztietako ordezkariak bildu dira gaur Udaletxeko Areto Nagusian 2013ko Madalenetako egitarau ofiziala aurkezteko.

Irune Balentziaga Kultura zinegotziak, hasteko, aipamen berezia egin nahi izan die aurtengo Madalenetako omenduei, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsari eta Iñaki Tolaretxipiri, hain zuzen. Honekin batera, Udalak  uztailaren 20an, arratsaldeko 19:00etan, Xenpelar Etxean “omenaldi xume” bat egingo diela azaldu du eta ekitaldi horretan bertan, kartel lehiaketa ofizialaren irabazlea izan den Julen Rodriguez Galtzarabordako bizilagunari ere emango diotela saria.

Jai Batzordearen eginkizuna ere azpimarratu du Balentziagak. Aurten 40 elkartetik gora aritu dira lanean adin guztietarako egitarau zabal eta anitza osotzeko ardura Udalarekin elkarbanatuz: “Jaiak beste modu batera eraiki ditzakegula erakutsi dugu. Errespetuaren, aniztasunaren eta berdintasunaren baloreak aintzat hartuz egin dugu  bidea, eta bidea egiten jarraitzeko borondate osoa dugu”.

Bestalde, gizon eta emakumeen arteko berdintasunean, sexu aukeren arteko berdintasunean eta jatorri, kultura eta izaeren arteko berdintasunean festak gozatzeko gonbitea egin die herritarrei.

Programaren banaketa

Herritarrek bihartik aurrera eskuratu ahal izango dituzte bai egitaraua eta baita poltsikorako esku-orriak ere. Balentziagak azaldu duenez, hilaren 12an, 15ean eta 16an, goizeko 11:00etatik 13:00ak arte egingo dute banaketa udaletxeko atarian.

Baina Herriko plazako arkupeak ez dira izango programa jasotzeko leku bakarra: publizitatea jarri duten saltokietan, liburutegian, Galtzaraborda, Fanderia eta Kaputxinoetako kirol instalazioetan eta gainontzeko udal eraikinetan ere izango dira eskuragarri. Honez gain, herriko auzo elkarteei eskaini dizkiete egitarauak eurek bana ditzaten.

Guztira 9.700 ale argitaratu dituzte paperean. Formatu digitalean, Herri Bizian aurkituko dute hala nahi dutenek.