Hondakinen Taldeak azken hilabeteotako lanaren emaitzak aurkeztu ditu

OLYMPUS DIGITAL CAMERAHondakinen Taldeak 10 hilabetean zehar egindako lanaren emaitzak aurkeztu zizkion, pasa den asteartean, Ingurumen Aholku Kontseiluari. Hasieratik herritarrak proposamenaren parte egiteko saiakera egin dute eta horregatik, aurkeztutako lana “hiritar guztiona” dela uste du taldeak. Proposamenak, funtsean, hondakinen arazoari aurre egiteko epe ezberdinen arabera sailkatutako irizpide edo ideia sorta bat aurkezten du.

Honekin, amaiera eman diote ikasturte honetako lanari baina Hondakinen Taldeak, lanean jarraituko du udako oporren bueltan, egindako proposamenari udalak eta herritarrok eman dioten erantzunari jarraipena egin asmoz.

2012ko urrian sortu zen Hondakinen Taldea eta ordutik, etenik gabe jardun dute herriko hondakinen arazoari konponbide bat emateko proposamena landuz. Prozesua abiatu zutenetik, orotara, 35 bat lagun aritu dira lantaldean.

“Guztiok motibatu eta izan genitzakeen zalantzak argitzeko”, bi hitzaldi eta bi mahai-inguru ere antolatu dituzte hamar hilabeteotan. Era berean, Errenteriako auzo guztietatik bi erronda egin dituzte bertako bizilagunekin elkartzeko: “Auzoetatik igaro garen bakoitzean 400 bat lagun elkartzea lortu dugu eta ekarpen interesgarriak egin dizkigute. Horregatik guztiarengatik, eskerrak eman nahi dizkiegu gurekin bidean izan ditugun herritar guztiei”.

HONDAKIN TALDEAREN PROPOSAMENA

EPE MOTZEAN (2013-2015)

1. Lehenbailehen 1997ko hondakinen gaineko ordenantza berritzea:

a. Europako legediaren arabera egokitzea.

b. Ordutegien malgutasuna.

c. Derrigortasuna mantendu eta eraginkorra bihurtzea, frakzio guztietarako: zaintza eta identifikazioa.

d. Jarraipen berezia materia organikoa eta errefusa gaika biltzeari.

2. Modu paraleloan, gizarte eragileei zuzendutako informazio-sentsibilizazio kanpaina jarrai bati hasiera ematea: ikasleak, etxekoandre eta etxekojaunak, erretiratuak, merkatariak eta tabernak,… herritarrak oro har. Horretarako, hainbat formatu erabili beharko dira: hitzaldiak, panfletoak, eranskailuak, kaleko jarduerak.

3. Udala auzoetara hurbiltzea (inkestak herritarrei…), ahal dela udal alderdi politikoen parte-hartze handienarekin, lortutako akordioen eta abian beharreko sistemaren/sistemen berri emateko. Era berean, udalerriari ekarriko dion etekin ekonomikoa zehaztu beharko da eta gaika bildutako hondakinek zein ibilbide egiten duten, hau da, jarraipen eraginkorra egitea. Jarraian, sistema berria(k) abian jarri baino lehen, horren/horien ezaugarriak azaldu beharko dira, herritarren ideiak eta ekarpenak jasotzeko.

4. Gorabeheren berri eman eta herritarren zalantzak argitzeko informazio puntu bat, doako telefono bat edo udal zerbitzu bat jarriko da gorabeherak telefonia mugikorrerako aplikazio bidez kudeatzeko (ikusi adibide bat: http://www.lineaverdemunicipal.com), herritarren kexak eta eskaerak azkar eta zuzenean artatzeko.

5. Sistema bat/batzuk adostu eta martxan jartzea, ordenantzan hondakinen frakzio guztiak gaika biltzea derrigorrezkoa dela jasota geratzea baimenduko duena.

6. Sistema berria baliagarria izateko, behin martxan jarri ondoren gaikako bilketaren egungo tasa (%32) bikoizteko gai izan beharko du, gutxienez. Materia organikoaren gaikako bilketa barneratzen bada, kopuru hori aisa erdiesteko modukoa da. Helburua izan beharko luke, 2015erako, gaikako bilketaren tasa gutxienez %60ra handiagotzea.

7. Ekoizle handientzat bilketa berezia antolatzea (supermerkatuak, jatetxeak, tabernak, ikastetxeak, elkarte gastronomikoak, …) soberan geratzen diren elikagaiak gehien behar dituztenen artean banatzea eta hondakin guztien bilketa frakzioen arabera egitea ahalbidetzeko.

8. Auzo bakoitzean garbigune berriak sortzea etxeko hondakin arriskutsuak, TEEHak, olioa, arropa eta abar uzteko, denak ere dimentsio txikikoak. Sistemaren emergentzia puntu gisa funtzionatu dezakete. Hondakin handientzat partikularren eskaripeko zerbitzu bat antolatzea proposatzen dugu, kalean egun bat baino gehiago egon daitezen saihesteko. Hondakin edo etxeko gauza horiek elkarteei eman lekizkieke zaharberritu eta bigarren bizitza bat emateko, suntsitu edo zerrauts bihurtzea erabaki aurretik.

9. Hondakinak murriztea ahalbidetuko duen akordioa bilatu eta abian jartzea: baserritarrak (vending makina gehiago bertako esnea eta produktuak saltzeko, SDDRekin ontziak berrerabiltzeko), sagardotegi eta saltokiak (botilak berrerabiltzea), saltokiak (plastikozko poltsak ordeztea eta poltsa biodegradagarriak erabiltzea, gerora poltsa hauek materia organikoa biltzeko berrerabiltzeko aukera izanik), arrandegi eta harategiak (tupperrak), jatetxeak eta Añarbeko Urak (ur-pitxerrak menuetan), haurtxoak dituzten familiak (pardel berrerabilgarriak), jai batzordeak (edalontziak, platerak eta mahai tresna berrerabilgarriak), eta abar.

10. Bilketa sistemaren jarraipen sakona egitea egunez egunekoan (horrek zinegotzi eta udal-teknikarien inplikazioa eskatuko du, herritarrenaz gain), aurrerantzean sor litezkeen arazoak ebaluatu eta identifikatzea eta epe motz, ertain edo luzera begirako konponbide eta hobekuntzak bilatzea ahalbidetzeko. Sanmarko Mankomunitatearekin sinatutako akordioak berrikusi eta hobetzea, jarraipen eta kudeaketa eraginkorrak egiteko.

11. Europako jarraibideak betetzeko helburua lortzeko, dagokionari mozioa bidaltzea “Hondakinen Legea” eta “Ontzien Legea” eskatuz.

 

EPE ERTAINEAN (2015-2018)

Kontuan hartu behar da 2016an HHKPI plana eguneratuko dela eta ordurako aurreikusten dela ezin izango direla modu orokorrean zabortegietan hondakinak ezabatu eta sortutako hondakinak tratatzeko azpiegitura berriak martxan egongo direla.

12. Banakako konpostajea eta auzo-konposta sustatzea bideragarria den auzoetan, aholkularitza teknikoa, laguntza eta erraztasunak emanez, baita pizgarri ekonomikoak ere, egiten dutenei.

13. Gizarte eragileei zuzendutako etengabeko informazio-sentsibilizazio kanpainekin jarraitzea: ikasleak, etxekoandre eta etxekojaunak, erretiratuak, merkatariak eta tabernak,… herritarrak oro har. Horretarako, hainbat formatu erabili beharko dira: hitzaldiak, panfletoak, eranskailuak, kaleko jarduerak.

14. Hondakinak sortzearen ondoriozko tasa ezartzea; prezio desberdinak frakzioen arabera; hondakinak modu egokian bereizten dituenari saritzea eta gaizki egiten duenari zigortzea (adibidez, ordenantza fiskaletan identifikazioaren gaia jaso, poltsa garestiagoak erabiltzea errefusarentzat badira…)

15. Era berean, sistema gure herriaren errealitatera egokituta martxan jartzean material birziklagarri-konpostagarri guztia gaika biltzea dela ahalbidetu behar da, Europako legediak ezartzen duenaren arabera, eta birziklatu ezin diren hondakinak (<%20) baino ez ezabatzea (errauskailua edo zabortegia).

 

EPE LUZEAN (2018-2020)

16. Hondakinen Batzordearen jarraipena ziurtatzea, zinegotzi eta udal-teknikarien inplikazioarekin batera, bilketarako sistema berriaren jarraipen sakonean parte hartzeko. Elkarrekin identifikatu ahal izango ditugu aurrerantzean sor litezkeen balizko arazoak, baita epe motz, ertain eta luzera begirako konponbideak jarri ere.