Errenteriako Ciclos Iñaki taldeak bat egingo du Iñaki Lejarretaren omenaldiarekin

Ciclos Iñaki taldeaAbuztuaren 31tik irailaren 1era, iaz zendutako Iñaki Lejarreta txirrindulariaren omenezko mendi ibilbideak Euskal Herria zeharkatuko du etenik gabe eta ibilbidearen 2 etapa osatuko ditu Errenteriako Ciclos Iñaki taldeak.

Iñaki Lejarretaren familiartekoek, lagunek eta mendiko bizikletako hainbat taldek ilusioz beteriko ibilbidea osatu dute. Urkiola, Izki, Urbasa, Bidasoa, Gipuzkoako kosta, Oiz eta Berriz zeharkatuko ditu ibilbideak bi egunotan.

Ibilbideak “non stop” formatua izango du: hainbat etapa izango ditu jarraian, eta errelebu bidez egingo da. Abuztuaren 31n Iñakiren jaioterrian, Berrizen hasi eta bere urtebetetze eguna zen irailaren 1ean toki berean bukatuko da. Hainbat herri eta eskualde igarota, Euskal Herriari bira emango dio ibilbideak. Etapak honako hauek izango dira: Berriz-Landa-San Roman-Larraona-Izkue-Doneztebe-Hondarribia-Zarautz-Olatz-Berriz. Guztira 449 km.

Antolatzaileek adierazi dutenez, ez da lasterketa bat, ezta mendi bizikletarako martxa antolatu bat ere; beraz, ez da izenik eman behar izango. Track-a inakirenbideak.blogspot.com gunean aurki daiteke eta ibilbidea online jarraitu ahal izango da, “endomondo” aplikazioaren bitartez.

Ciclos Iñakiko arduradunek abuztuaren 31n, 20:00etan, hartuko dute erreleboa Donezteben. Ondoren, gaueko 24:00etan Hondarribian beste taldekide batzuk hartuko dute lekukoa, eta Zarautzera abiatuko dira, Jaizkibel, Ulia eta Igeldoko bidezidorrak zeharkatuta.

Ciclos Iñakiko taldekideek inguruko mendi bizikleta zale askorentzat esperientzia hau berria izan daitekeela uste dute: “norbaitek lekukoa eramateko arduradunei lagundu nahi badie, honakoak hartu beharko ditu kontuan: argi-linterna indartsuak eramatea ezinbestekoa izango da, nork bere erantzukizunpean jokatu beharko du, eta ez da abiapuntura itzultzeko baliabiderik eskainiko”. Gainera etapa gehienez ere 4 ordutan burutu beharko dute: “Doneztebeko etapak zailtasun ertaineko 53 km ditu, eta Hondarribitik hasten denak zailtasun handiko 51km”.

Hondarribian, bi etapa hauen lekuko aldaketa puntuan, ibilbidea jarraitzera gerturatu nahi duten guztientzat karpa eta erreferentzi puntu bat jarriko dute Hondartza kiroldegiaren sarreran, HTEren (Hondarribiko Txirrindulari Elkartea) eskutik.