Garagardo Festa bihartik aurrera

Garagardo Festa_kartelaHirugarrenez antolatu du Landare Elkarteak Garagardo Festa. Koldo Mitxelena plazan izango da hori, bihar hasi eta igandera bitartean, 18:00etatik 24:00ak arte.

Aurtengoan 14 garagardo mota ezberdin dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnak; antolatzaileen esanetan, “guztiak bereziak eta ezohikoak herriko tabernetan”: Leffe gorria, horia eta beltza eta Hoegaarden belgikarrak; Galiziako Estrella Galicia 0.0 eta 1960 Erreserba berezia; Budejovicky Budvar horia eta beltza txekiarrak; Alemaniako Jacobinus Classic eta Einsiedler Weissbier eta Ingalaterrako Manchester Blue Lager eta Manchester Red Ale. Lehendabiziko aldiz, gainera, herriko garagardoa ere izango da eskuragarri festan: artisau eran egindako Errenteriako Olañeta Ale horia eta gorria.

Edariaz gain, garagardoaren kulturari lotutako janaria ere eskainiko dute Koldo Mitxelenako karpan, hala nola, ukondoa, saltxitxak edota oilaskoa. Nahi duenak bertan jateko aukera izango du baina baita etxera eramateko ere prestatuko dituzte hala nahiago dutenentzat.

Estropadak ikusteko pantailak

Igandean, gainera, goizeko 11etan zabalduko ditu ateak festak. Izan ere, Kontxako Banderako estropadak zuzenean ikusteko pantaila jarriko dute, Donostiara joaten ez denak bertatik animatu ditzan Hibaikako neskak.