Emakume elkarteek jarduera eskaintza zabala aurkeztu dute ikasturte berrirako

eskulanakErrenteriako auzoetako emakume elkarteek hastear dagoen 2013/2014 ikasturterako prestatu duten jarduera eskaintza aurkeztu dute. Ekintzak, “Emakumeak: topaketak eta gizartean parte hartzea helburu” programaren baitan daude.

Programa honen bidez diru-laguntza jasotzen dute euren lokaletan ekintzak antolatzeko eta, gainera, urtean zehar hainbat jarduera antolatzen dituzte elkarrekin: ikastaroak, martxoaren 8ko eta azaroaren 25eko ospakizunak edo erakusketak.

Urtero, 1000 emakume inguruk parte hartzen dute programan baina helburua kopurua handitzea da. Horregatik,  Berdintasun Arloak eta emakumeen elkarteek Eherriko emakume guztiak eta bereziki gazteakE elkarteetan parte hartzera gonbidatu nahi dituzte.

Mota askotako jarduerak

Jarduera eskaintza zabala da. Badira osasuna zaintzea helburu duten ikastaroak: yoga, gimnasia, tai-chi edo pilates adibidez. Ekintza hauek gorputza eta arnasketa lantzen dute eta gorputza, burua eta emozioak bat egiten laguntzen dute. Aurten, gainera, lehenengo aldiz, gimnasia abdominal hipopresibo ikastaroa eskeiniko dute, zoru pelbikoa lantzeko eta txiza ezin eustea bezalako arazoak landu edo prebenitzeko.

Beste ekintza batzuk, aldiz, gorputza lantzeko antolatu dituzte: euskal dantzak, areto dantzak, sevillanak, sabel dantza, hip-hop, etab. Ohituraz emakumeei egotzi zaizkien artisau lanak egiteko aukera ere badago, besteak beste, eho-ziriak, bordatua makinaz, eta joste lanak. Gaitasun artistikoa eta eskulanak lantzeko ikastaroen artean, olio-pintura, antzerkia, eskulanak, etxean birziklatzea edo beira lanak bezalako ekintzak daude.

Maila kulturala handitzeko asmoz eta emakumeen gaitasun mentalak etengabe lantzeko hainbat ikastaro eskainiko dituzte; informatika, irakurketa-idazketa, memoria, ikasgela kulturala eta artearen historia.

Aurten, gainera, jarduera hauekin emakumeen ahalduntzea bultzatu nahi izan dute. Hala, hitzaldiak, zine-forumak eta genero ikuspegia txertatzen duten hainbat ekintza antolatuko dituzte elkarte batzuk. Honen adibide da, Itzatu, Olibeteko emakume elkarteak Virginia Imaz Clownarekin antolatu duen “Generoa eta Umorea” ikastaroa.

Izen emateak

Irailaren 17, 18 eta 19an izango dira izen emateak elkarteetan bertan, arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara. Tailerren egutegia eta ordutegi zehatzak ondorengo estekan kontsulta ditzakete interesdunek: Emakume taldeen jarduerak. 2013-2014 ikasturtea.