Kirol jardueretan izena emateko epea zabaldu dute udal kiroldegiek

kiroldegia

Ikasturte honetan berrikuntza ugari dago Galtzaraborda eta Fanderiako udal kirol instalazioetan antolatzen dituzten ikastaroetan, batez ere helduei zuzendutako jardueretan. Izan ere,  banakako ikastaroen ordez, Kirolkide Ekintzak izeneko zirkulazio libreko jarduera sorta anitza eskainiko dute, igeriketa, ziklo indoorra, aerobica, pilatesa, tonifikazioa, zumba, body combata, etab. barne hartzen dituena.

Era honetan, tarifa bakar bat ordainduta ikastaro guztietara sartzeko aukera izango da, mugarik gabe, Galtzaraborda eta Fanderiako Udal Kiroldegietan.

Arduradunek azaldu dutenez, erabiltzaileek ikastaroak euren ordutegi eta konpromisoetara egokitu ahal izateko jarri dute abian aipatu modalitatea:  “jarduera batera zein egun eta ordutan joango diren erabakitzeko aukera eman nahi diegu, eta baita jarduera aldatu edo kirol desberdinak probatzekoa ere”.

Kirolkide Ekintzaken prezioa 27,30 eurokoa da hileko abonu orokorra duten pertsonentzat eta igerilekurako abonua duten pertsonentzat, berriz, 41,88 eurokoa. Jarduerak urriaren 1etik ekainaren 30era izango dira.

Beste hainbat ikastaro ere eskainiko dituzte ikasturte berrian:  Gimnasia hipopresiboa, Defentsa pertsonala eta 65 urtetik gorakoentzako gimnasia.  Hauetan modu independentean izena emateko aukera dago.

Txikienentzako ikastaroak

Aurten Dantza Eskola, Gimnasia Erritmikoa, Karate eta Igeriketa Ikastaroak prestatu dituzte txikienentzako.

Uretako jardueren kasuan, gainera, proiektu tekniko berri bat jarriko dute abian; izan ere, egun batean edo bitan izena emateko aukera izango da, bakoitzak aukera dezan. 2010ean edo aurrekoetan jaiotako neska-mutilentzat haur igeriketa ikastaroak antolatu dituzte, eta 2011 eta 2012an jaiotakoentzat, berriz, Aquababies ikastaroak mantendu dituzte.

Argibide gehiago nahi duenak Galtzarabordako (943 449690) eta Fanderiako (943 344423) harrera zerbitzuetara jo dezake edo  Udal Kirol Patronatuaren web orria kontsultatu.