Bioaniztasun eta Energia-Taldeek bihar izango dute bilera eguna

Bioaniztasun eta Energia

Bioaniztasun-Taldean edo Energia-Taldean parte hartu nahi duten hiritarrek hitzordu bat dute, bihar, hilak 24. Izan ere, Ingurumen Aholku Kontseiluko kideez gain, bi mahaietarakoren batean, edo bietan, parte hartu nahi duen edozein herritar udaletxean ospatuko den saiora hurbiltzera animatzen ditu organoko Lehendakariak.

Bioaniztasun-Taldeko partaideak arratsaldeko 17:00etan bilduko dira. Energiaren lantaldearen hitzordua, ordea, 18:00etan izango da. Antolatzaileek adierazi dutenez, bilkuren iraupena ordubetekoa izango da gehienez.

Parte-hartzeko edo informazio gehiago eskuratzeko, aitor@izadi21.net helbidera edo 943 492 215 telefonora zuzen daitezke interesdunak.

Bioaniztasun-Estrategia eta EIEP

Udalak Errenteriako Bioaniztasuna eta natura-ondarea hobetu eta kontserbatzeko Estrategia osatu du berriki, eta, dokumentuari onarpena eman aurretik, herritarren ekarpenak bildu nahi ditu. Hori aitzakiatzat hartuta, herriko bioaniztasuna babesteko ideiak eta proposamenak helarazi, zein dauden beharrez ohartaraziko duen lan-taldea eratu nahi du.

Era berean, Europako beste hainbat hiriren antzera, Errenteriako Udalak bat egin du energiaren inguruko Alkateen Itunarekin. Agiria borondatezko konpromisoa  da, batez ere CO2 emisioak murrizteari begira, energia-eraginkortasun handiagoa sustatu (%20ean gutxienez) eta energia berriztagarrien ekoizpen eta erabilera handiagoa egitea (%20ean gutxienez) helburu duena. Izan ere, Europar Batasunak 2020. urterako erdietsi nahi ditu energia-helburu horiek, eta horren arabera, kide diren Estatuek hitz ematen dute beren CO2 emisioak gutxienez % 20 murriztuko dituztela 2020rako.

Helburu horiek erdiesteko, udalak Energia Iraunkorreko Ekintza Plan bat diseinatzeko lanei ekin dio, eta bertan, udalerri osoan 2020. urte arte energia-aurrezpenaren alorrean egin beharreko jarduerak finkatuko dira. Horregatik, Energiaren Taldea osatzeko aukera paregabea dela uste du Udalak.