Madalenak baloratu zituen Jai Batzordeak

Jai Batzordea_2_800x600Merkatuzarren bildu zen Jai Batzordea, ostiralean, Madalenetako balorazioa egiteko. Aurrelanak eta ekintza bateratuak baloratu zituzten, batetik: logo berria, lan-taldeen funtzionamendua, txupinazoa, ur-zezena, Jai Batzordea beraren funtzionamendua… Bestetik, Madalenetako jai egunetan positibotzat jotako puntuak eta hobetu beharrekoak aztertu zituzten.

Elkarlanaren balorazio ona egin zuen taldeak eta ondoren, hainbat puntu aztertu zuten. Txupinazo garbia, adibidez,  urtean zehar landu beharreko gaia dela adostu zuten eta zuzenean gazteekin egin beharreko lana dela. Honekin batera, Jai Batzordean gazteen parte-hartzea beharrezkotzat jo zuten.

Zumardian txupinazoa ikusteko pantaila erraldoiaren inguruan ere aritu ziren parte-hartzaileak. Momentu hori ondo zaintzearen beharra azpimarratu zuten eta hobetu beharra ere aipatu zuten, omenduei egindako elkarrizkekin emanaldia osatuz, esate baterako.

Jai batzordeak antolatutako bazkaria indartzearen beharra ere izan zuten hizketa-gai. Bestetik, logoaren inguruko balorazioa positiboa egin zuten, izan ere, presentzia handia izan baitu kartel eta bestelako euskarrietan.

Musikari dagokionean, herriko musika taldeei ateak irekitzea helburu izango da datozen Madalenetan eta kontzertuen soinu frogek eta watio gehiegi erabiltzeak ekarri dituen kexak saihesteko neurriak hartuko dituzte.

Urezko zezena oso ondo baloratu zuten batzordekideek, hala, datorren urtean zezen gehiago atera eta ur gehiago botatzearen aukera aztertuko dute. Dekorazioa eta esku programa ere oso ondo baloratu zituzten.

2014ko Madalenak prestatzen hasteko urtarrilean egingo du lehenengo bilera Jai Batzordeak.