Kukaik “Gelajauziak” ikuskizuna eskainiko du bihar herriko 350 ikasleren aurrean

Dantza sentsibilizazio programaren aurkezpena

Errenteriako Udalak eta Kukai dantza konpainiak elkarlanean prestatzen duten dantza sentsibilizazio programaren hiruhileko egitaraua aurkeztu zuen atzo Jon Maya, konpainiaren zuzendari eta koreografoak, Irune Balentziaga Kultura zinegotzia eta Errenteriako ikastetxeetako zuzendariekin batera.

Programaren barruan egingo duten lehendabiziko ekintza, Kukairen Gelajauziak azken ikuskizunaren emanaldia izango da bihar, hilak 26. Bi saio egingo dituzte, 9:30ean eta 10:30ean, Xabier Olaskoaga plazan Errenteriako 7, 8 eta 9 urteko 350 ikaslerenzat.

Mayak adierazi duenez, Gelajauziak, Cesc Gelabert koreografo katalanaren arteko harremanetik sortu da, Dantza Hirian proiektuaren Aterpean programaren baitan. Jauziak eta Soinuzaharrak dantza tradizionalen arteko loturak lantzen ditu piezak, Gelabert maisuak eskaintzen duen gaur egungo ikuspegitik. Donostian estreinatu zuten lana hilaren 13an eta ikasleentzat egingo dituzten emanaldiez gaiz, igandean, Zumardian ere emango dute arratsaldeko 19:00etan.

Horrez gain, sentsibilizazio programaren barruan, Dantzaz eta Malandain Ballet Biarritz konpainiek euren azken lanen erakustaldia egingo dute, urriaren 9an eta azaroaren 13an, hurrenez hurren. Eta hiruhilekoarekin amaitzeko, Jon Anduezak zuzendutako Down sindromea duten dantzari gazteekin egindako Simplemente filmaren proiekzioa eta ondorengo tertulia eskainiko dute, abenduaren 4an.

Balentziagak, bestetik, ikastetxeetan izaten duen harrera ona eta dantzaren sozializazioan programak duen garrantzia azpimarratu nahi izan zituen.

Dantza Hirian

Aurkezpen ekitaldian Dantza Hirianen zuzendaria den Myriam Arkaia ere izan zen, izan ere, jaialdia igandean iritsiko da Errenteriara eta Kukairen emanaldiak emango dio bukaera, 19:00etan. Beste hiru lan ere izango dira, ordea, ikusgai arratsaldean zehar: 18:00etan, Toulousetik etorritako Sara Martineten Siege izango da Xabier Olaskoaga plazan. 18:20ean, A Coruñako La Macana taldeak Drown the road ikuskizuna eskainiko du Herriko plazan eta 18:40ean Zaragozako Proyecto D_Rusesek 5 lana emango du Lehendakari Agirre plazan.

Jaialdia hilaren 13an hasi zen eta Donostiatik Baionarako bidean kokatzen diren 7 herritan ospatzen ari dira.